Etxean hasiko du igoera fasea Hernanik, Donibaneren kontra

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 00:00

Garaipen haundia lortu zuen Hernanik aurreko astean, Elgoibarren kontra.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ekingo dute, kiroldegian, gutxienez bost onenen artean egoteko lehiari.

Ilusioz eta gogotsu ekingo dio Hernanik, denboraldiko bigarren zatiari, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan: gaur arratsaldean hasiko du Euskal Ligarako igoera fasea. Etxean jokatuko du estreinako partidua, Donibaneren kontra, 18:00etan hasita.

Zortzi talde ariko dira fase honetan, ligaxkako bi multzoetatik launa talde sailkatu baitira. Gutxienez aurreneko bosten artean sailkatzea izango da hernaniarren helburua, igoeraren lehian jarraitzeko. Izan ere, aurreneko sailkatuak zuzenean lortuko du igoera, baina beste plaza play offean jokatuko dute, bigarren postutik bosgarrenera sailkatutakoen artean.

Ez dira hutsetik abiatuko igoera fasean, kontuan hartuko baitira multzo bereko taldeen kontra lortutako emaitzak, aurreneko fasean. Hori horrela, abantaila hartuta ekingo diote Pulpok (12 puntu) eta Munttarpek (10). Hernani hirugarrena da hasierako sailkapenean, 6 punturekin, baina elkarren segidan daude beste guztiak: Bera Bera 5 punturekin; Donibane, Elgoibar eta Saieko 4rekin; eta Urola 3rekin.

Gauzak horrela, oso garrantzitsua da gaurkoan garaipena lortzea, hernaniarrentzat. Batetik, etxean jokatuko duelako, eta abantaila hori aprobetxatzea beti delako ezinbestekoa. Bestetik, kontrario zuzenetako bat izan daitekeelako Donibane, play offera sailkatzeko lehia horretan. Eta azkenik, fase berria ondo hasteak indar haundia ematen duelako animo aldetik. Zortzi partidu besterik ez dira izango fase berrian, eta hasieratik bukaerara daukate bere onena eman beharra.

Horretarako, zaleen animoak ere beharko dituzte, eta kiroldegiko harmailak betetzera deitu dituzte herritarrak, etxekoei babesa emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!