Joan den urtean ez zuten bisitarik egin kaldereroek Hernanira, baina indartsu bueltatuko dira aurten, Elur Txori elkartearen eskutik. Usadioa berreskuratuta, tropel ederra elkartuko da gaurkoan, zartagiak eta mailuak hartuta.
Arratsaldeko 17:30etan jarri dute hitzordua, elkartean bertan; eta ordu eta erdiko kale buelta egingo dute Kaxkoan barrena, Zinkoenearaino jaitsita.
Konpartsak gutxieneko talde bat elkartuko zuela ziurtatzeko, izenematea zabaldu zuten elkarteko kideek; eta erantzuna sekulakoa izan da: 150 lagun inguru apuntatu dira konpartsan ateratzeko. Gainera, beste asko batuko dira kalejirara gaur bertan, Elur Txoriko hitzordura azalduta. Eta Urumea txaranga ere izango dute lagun, konpartsa musikaz girotzeko.
Txokolatada Plazan, eta afaria Elur Txorin
Kale buelta 17:30etan hasita, iluntzeko 19:00ak arte ariko dira zartagiak astintzen eta kantari adin guztietako herritarrak, gaztetxoenetatik hasi eta helduenetara. Plazan bukatuko dute ibilbidea, eta txokolatada izango da haurrentzat, bertan.
Kale buelta bukatuta, ordea, ez dituzte alde batera utziko zartagiak eta mailuak. 20:30etan hasi eta 23:00ak arte, afaria antolatu dute Elur Txori elkartean bertan, eta «girotua» izango da, aurreratu dutenez. Musikarik ez da faltako, eta zartagi-kolpe hotsik ere ez, seguru!
Eguraldia lagun izatea espero dute, baina eguraldi txarra egingo balu, aldatu egingo lukete arratsaldeko plana, aurreratu dutenez: Atsegindegin elkartuko lirateke kaldereroei ongietorria emateko, eta bertan egingo lukete txokolatada ere.
Bost abesti prest, horietako bat hungarieraz
Izena eman dutenek, bi entsaio egin dituzte aste honetan, asteazkenean eta ostegunean. Eta bost abesti prestatu dituzte, gaurkoan kaleak alaitzeko: 'Kalderero hungariarren koroa', 'Kalejira', 'Kaldereroak lanean', 'Begi urdin bat' eta Hungariako kantu bat. Azkeneko hori, jatorrizko hizkuntzan abestuko dute Hernaniko kaleetan ere: hungarieraz, alegia.
Elur Txorin egindako entsaio horiek erakutsi dute taldearen aniztasuna. Adineko emakume talde haundi bat bertaratu da saio horietara, eta baita gazteak ere. Kale bueltan, berriz, urtero bezala egingo dute bat haurrek eta gurasoek, konpartsarekin.
ABESTIETAKO BATZUK HUNGARIAKO KANTUA Arbeit asfreit, 'KALEJIRA' Nork dauka eltze zaharrik 'KALDERERO HUNGARIARREN KOROA' Zein ederra, zein xarmanta Hungariako kalderero gara Inauteri alaiaren iragarle gu gara Aizak, jozak, jozak! Bai bai, aizak, jozak! Zein ederra, zein xarmanta Herriz herri gabiltza gu beti Gerri mehea eta liraina Bai, bai. Urtu. Bai, bai. Urtu. |