Aho zapore gozoa utzi dio Hernaniko udal gobernuari urtarrilean zehar herritarrekin batera egindako Auzobiraren bigarren edizioak. 200 lagun inguruk parte hartu dute auzo ezberdinetan izandako zazpi bileretan, eta, bertan gobernu taldeak bere programaren ildo nagusiak partekatzeko aukera izan du bertaratutako herritarrekin.
Bileretan aipatu dira, besteak beste, gobernu programaren ekintza nagusitzat jotzen diren batzuen egoerak. Besteak beste, zertan den agintaldi honetan egiten asteko asmoa den kultur ekipamendu berriaren proiektua, edota babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzeko helburua duen Florida 08 proiektua.
Eraikitze proiektuak ez ezik, bileretan herritarrei azaldu dizkiete zertan diren udalak dituen zerbitzu publiko batzuk: Auzozaintza adinekoen laguntza zerbitzua eta gazteentzako psikologia zerbitzua, besteak beste.
Zazpi bilera egin dira Auzobiraren bigarren edizio honetan. Eta bilera guztietan jaso dituzte udal gobernuko ordezkariek bertako herritarren proposamenak. Horiez gain, udal ordezkariek tokian tokian gobernu programaren barruan lantzen ari diren egitasmoak azaltzeko ere baliatu dute
bilera. Topaketen garrantzia azpimarratu du Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak: «Bilera horiek balio haundikoak izan dira herriko auzoetako bizilagunen kezkak eta proposamenak jasotzeko».
Hamaika ideia, kezka eta proposamen jaso ditu gobernuak bileretan, eta orain horiek aztertuko dituzte. Oro har, herritarrek hirigintza eta zerbitzu publikoen inguruko proposamen ugari egin dituzte, eta baita mugikortasunari dagozkionak ere. Udalak martxan dituen zerbitzuei dagokienez, herritarrek ontzat jotzen dituztela agerian geratu da hitzordu gehienetan. Bereziki interesgarritzat jo dituzte herritarrek Auzozaintza eta gazteentzako psikologia zerbitzua.
Auzobiren balioa azpimarratu du Lertxundik: «Gobernu taldeak balorazio positiboa egiten du, herritarrekin harreman zuzenean egoteko modu egokia delako, eta, beraz, aurrerantzean ere lan-ildo horri eutsiko diogu».
Aurtengo edizioan sumatu da herritarrek Auzobirak baliatu dituztela elkarrekin lantzeko eta udal ordezkariei helarazteko auzoari eragiten dioten proposamen kolektiboak. Auzo batzuetan auzo elkarteak daude, eta haiek ikuspegi kolektibo hori landu ohi dute, baina halakorik ez den inguruetan ere sumatu da herritarrek, modu batean edo bestean, gogoeta kolektiboa plazaratzeko aukera gisa baliatu dutela Auzobira.