Mondragon Unibertsitateak bat egin du, beste urtebetez, Emakume eta Neska Zientzialarien Egunarekin. Horretarako, bisitak antolatu ditu Bilboko, Arrasateko, Hernaniko eta Ordiziako campusetan dituen laborategietara, non DBHko, batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen egunerokoa.
Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak antolatutako jarduera horiek otsailaren 10etik 13ra bitartean egingo dira, Emakumeak Zientzian 2025 ekimenaren barruan. Helburua da emakumezko ikasle gazteek zientziaren eta teknologiaren alorretako erreferentziazko emakumeen berri izatea eta bertatik bertara entzutea haien testigantzak eta gogoetak.
Otsailaren 11n ospatzen da Emakume eta Neska Zientzialariaren Eguna
Galarretako EKO campuseko (Orona Ideo, Hernani) bisita otsailaren 11n izango da, 10:00etatik 11:30etara, eta parte-hartzaileen gehieneko kopurua 30 lagunekoa izango da. Campus horrek garapen jasangarria du ardatz, eta teknologia-ezagutzak ingurumenarekiko erantzukizunarekin uztartzen ditu. Bertaratzen direnek aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte gehitze-fabrikazioan, energia-biltegiratzean eta material aurreratuetan espezializatutako laborategiak, baita ingurumen-neutraltasunera bideratutako teknologia aurreratuak ere.
Izen-emateak: https://emakumeakzientzian.eus/ekitaldiak/muko-galarretako-eko-campusera-eskola-bisita/ estekan egin daitezke.