Inauterietako festetan Hernaniko Musika Bandak eskainiko ditu bi kontzertu. Aurrenekoa otsailaren 23an, igandean, izango da eguerdiko 13:30etan, udaleko arkupetan. Tolosako inauteriko abestiak eta Sarriegik idatzitako hainbat Donostiako inauteriko obrak eskainiko ditu Jorge Pachecoren zuzendaritzapean.
Bigarrengo kontzertua otsailaren 28an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean. Zuzendaritzaren ardura Eneritz Jauregik hartuko du. Eneritz Jauregik urteak daramatza bandako partaide lanetan flauta jotzen. Erdi mailako ikasketak Donostiako kontserbatorioan egin zituen, eta goi mailakoak Iruñeakoan. Egun Donostiako kontserbatorioko flauta irakaslea da, eta lan hau uztartzen du Getariako musika banda zuzenduz.
Zuzendari ezberdinekin aritzeko aukera ikaskuntza ederra izaten da bandako partaideentzako, modu, joera eta zuzentzeko estilo ezberdineko esperientziaz jazten baitira partaideak. Kontzertuetara hurbiltzen den jendeak gozatu dezake zuzendari ezberdin hauek bandari ematen dieten kolore, eta lagin bereziaz.
Kontzertu honetarako Eneritz Jauregik errepertorio zabala eta anitza aukeratu du. Besteak beste: Guillermo Tell (Rossini), Karibeko Piratak, Camino Real (bidai baten irudikapen musikatua, Kaliforniako paisaietan oinarrituta...), Suaren konga ( Mexikoko abesti eta erritmoaz jositako obra). Bi aukera politak dira musikaz gozatzeko inauterietako festen programazioaren barruan.