Kirolari talde batek Maccabi Tel Aviv-en aurkako manifestua sinatu du

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 6a, 00:00

Bihar Gasteizen jokatu behar duten Baskoniaren aurkako partidua bertan behera uztearen alde bat egin dute Hernaniko hainbat kirolarik.

 

Bihar Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatuko du Baskoniaren aurka. Honen aurka Euskal Herriko kirol talde, kirolari ezagun eta hainbat eragilek, Palestinarekin Elkartasuna plataformak proposatuta zabaldu duten irakurketarekin bat egin dute Hernaniko hainbat kirolarik.

Plataformak manifestazioa deitu du bihar arratsalderako. Idatzia ere argitarartu dute eta hemen manifestuaren hainbat parrafo:

«Israelgo erregimen kolonialak 50.000 lagunetik gora erail ditu Palestinan azken urtebetean, datu ofizialen arabera. Nolanahi ere, hainbat ikerketek (besteak beste, The Lancet medikuntza-aldizkari britaniarrarenak) ohartarazi dute kopuru hori 200.000tik gorakoa ere izan daitekeela. 

Testuinguru horretan, eta Israelgo erregimenaren nazioarteko irudi publikoa kolokan dagoen heinean, erregimen kolonialaren administrazioarentzat inoiz baino ezinbestekoagoa da bere kontakizuna elikatuko duen normaltasun irudia saltzea mundu mailan.

Euskal Herrian ere presentzia israeldarra normalizatzen duten ekitaldien adibideak dauzkagu: Noa bezalako abeslariak, Premier Tech txirrindularitza taldea... Haien artean Tel Aviveko Maccabi saskibaloi- taldea da nabarmentzekoa. Israelgo kirol ordezkari honek paper garrantzitsua jokatu du azken hamarkadetan armada sionistaren aldeko publizitate kanpainetan.

Gauza jakina da, azken urteotan, Tel Avieko Maccabik Gasteiz bisitatu duen guztietan egoera gatazkatsuak gertatu direla: hala nola, adierazpen eta biltzeko askatasunaren murrizketak, atxiloketak, isunak...publikoaren aurka. Nolanahi ere, Baskoniako jarraitzaileen erantzuna eredugarria izan da beti, Palestinar herriaren aldeko aldarriak beti izan direlako presente Zurbanoko pabiloiko harmailetan.

Gasteizko herriak aspaldi erakutsi du palestinar herriaren borrokaren aldeko jarrera konprometitua, Israelgo delegaritzak hiria bisitatu duen guztietan, baina ez da nahikoa. Horregatik, manifestu hau sinatzen dugunok zera exijitzen diegu Gasteizko eta Arabako erakunde publikoei zein Baskonia klubari:

Bihar Gasteizen jokatzekoa den Baskonia eta Maccabiren arteko partidua bertan behera utzi dezatela».

Manifestua sinatu duten kirolari hernaniarrak ondorengoak dira:

Anartz Elosegi (errugbia), Mikel Perez (errugbia), Beñat Garmendia (errugbia), Iñaki Lujanbio (saskibaloia), Intza Larburu (arrauna), Anartz Artola (korrikalaria), Peru Arregi (korrikalaria), Ander Goikoetxea (eskubaloia), Erlantz Goikoetxea (eskubaloia), Gexan Elosegi (futbola), Xabi Apaolaza (pelota), Haritz Otxotorena (futbola), Maddi Grijalba (futbola), Naiara Valdebenito (futbola), Ane Ormaetxea (futbola), Nahuel Valdebenito (futbola), Nora Mitxelena (futbola), Olatz Eizmendi (futbola), Ibai Larburu (futbola), Beñat Leiza (futbola) eta Ibai Ezeiza (futbola).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!