Amher elkarteak ibilaldia antolatu du Urumea ibaitik igandean. Elkartean egiten dituzten ekintzak, ibilaldiak besteak beste, herritar guztientzako zuzenduak daude eta horregatik gonbitea luzatu nahi dute «aurten egingo dugun lehenengo ibilaldira».
Goizeko 10:30etan Zinkoenea plazatik abiatuta Txomin auzora iritsiko dira Urumea ibaiaren ertzetik eta buelta emango dute berriro ere Hernanira. Bidean hamaiketakoa hartzeko tartea hartuko dute eta «horretarako ahal duenak partekatzeko mokadua ekar dezala ere gonbitea luzatzen dugu». Ez da izena eman behar, igandean goizeko 10:30etan Zinkoenean egotea nahikoa da. «Animatzen dugu herritarrei ibilaldira etortzera eta elkarrekin gozatzera».
Kaixo! aldizkariaren 68garren alea kalean
Bestetik, Kaixo! aldizkariaren 68garren alea argitaratu du Amher elkarteak, 2024ko azken hiruhileko jardueraz beteta.
Besteak beste, Hariak Zinemaldiak bi asteburu bete zituen erresistentziako istorioekin eta ondorengo solasaldiekin, jende asko bertaratu zen. Hernaniko etxebizitzaren arazo larriaz ere hitz egin zen bilera ireki batean.
Halaber, Bizilagunak ekimenaren bazkariak ospatu ziren beste urte batez eta hori ere jaso da. Azaroaren 25erako, lau hizkuntzatan argitaratu ziren Hernaniko indarkeria matxistari buruzko datuak biltzen zituzten kartelak.