Martxan dago Hernaniko kultur agenda eta askotariko ekintzak antolatu dira otsailerako

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Bi antzerki emanaldi, askotariko musika kontzertuak eta literatur solasaldiek osatuko dute otsaileko egitaraua. Kalderero eguna eta inauterien festa ere tartean izango dira.

 

Martxan dago otsaileko kultur agenda Hernanin, eta askotariko ekintzak izango dira hilabetean zehar. Bereziki, antzerki emanaldiak, musika kontzertuak eta literatur solasaldiak nabarmenduko dira hil honetan.

Oholtzatik pasatzen lehena Olatz Gorrotxategiren 'Mierda de ciudad' antzezlana izango da. Etzi izango da emanaldia arratsaldeko 19:00etan Biterin bertan. Sarrerak 8 euroren truke izango dira, leihatilan edo online. Porrotari buruzko obra bat dela azaldu dute antzerki taldekoek: «Kolonoen karabanak, hasteko leku hobe baten bila. Bere lekua bilatzen duen belaunaldi bat. Punka iritsi da. Duelua. Westernaren isiltasun existentziala». Bigarren antzerki obra, haurrentzako izango da, otsailaren 22an: Teatro Gorakadaren 'Moko' antzezlana. 6 urtetik aurrerako haurrentzat izango da, eguerdiko 12:00etan Biterin.

Askotariko kontzertu emanaldiak ere izango dira. Aurrenekoa, larunbatean, kalez kale kantari ibiliko dira hilero lez, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Baina ez da larunbateko ekintza bakarra izango, kalderero eguna baita larunbatean, eta inauteriak iragartzeko kale buelta egingo dute Elur Txori Elkarteak antolatuta. Otsailaren 10ean gitarra kontzertua eskainiko dute 'Hernani' Musika Eskola Publikoko ikasleek Biterin. Hurrengo egunean, otsailaren 11n, Hernaniko Gazte Bandaren kontzertua izango da. Gonbidatu berezi bat ere izango da otsailean, Anarik emanaldia eskainiko du Biterin urtarrilaren 14an, gaueko 22:00etan. Zutik izango da eta artistaren azken albuma, 'Giza zarata' entzuteko aukera izango dute herritarrek. Hilaren erdialdean erromeria antolatu du San Joan Konpartsak eta otsailaren 23an inauteri aurreko kontzertua eskainiko du Hernaniko Musika Bandak.

Literatur solasaldi bana ere egingo da, otsailaren 18an eta 26an. Lehenengoan, Maixa Zugastiren 'L.A.A' liburuaz arituko dira, Ane Mayozek gidatuta. Solasaldia euskeraz izango da. Bigarrenean, berriz, Peru Camararen 'Galerna' liburua izango dute ardatz, Slawka Grabowskak gidatuta, eta idazlea ere bertan izango da. Solasaldia gazteleraz izango da. Bi ekintzak Udal Liburutegian egingo dira, arratsaldeko 19:00etan hasita.

EGITARAUA - HERNANI

Otsailak 6 Antzerkia: 'Mierda de ciudad', Olatz Gorrotxategi. Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. 8 euro leihatilan edo online.

Otsailak 6 Ipuin kontaketa, Lur Kortarekin. Edukiera mugatua eta gonbidapenak liburutegian. Biteri Kultur Etxean izango da arratsaldeko 17:30etan HH3 eta HH4koek eta 18:00etan HH5etik aurrerakoek.

Otsailak 8 Kalez kale kantari, eguerdiko 12:00etan Plaza Berritik abiatuta.

Otsailak 8 Gaztelekuan: Aquariumera irteera.

Otsailak 8 Kalderero konpartsa, Elur Txori Elkarteak antolatuta, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

Otsailak 10 Gitarra kontzertua ' Hernani' Musika Eskola Publikoko ikasleekin, Biterin arratsaldeko 18:00etan hasita.

Otsailak 11 Hernaniko Gazte Banda, Biterin arratsaldeko 19:00etan.

Otsailak 11 Literatura feminismotik: Goiatz Landibar idazlearen 'Bekatua' liburua. Idazlea ere bertan izango da. Arratsaldeko 18:30etan Udal Liburutegian.

Otsailak 12 Gaztelekuan: Fruta brotxeta. Arratsaldeko 17:00etan.

Otsailak 13 Hitzaldia: Kronikak 25 urte. Hizlariak: Aritz Zerain, Leire Goñi eta Eñaut Agirre. Dobera-Kronikaren eskutik, Biterin arratsaldeko 18:30etan.

Otsailak 13 - martxoak 7 Erakusketa: 25 urte kaleko berri ematen, Dobera-Kronikaren eskutik.

Otsailak 14 Kontzertua: Anari, 'Giza zarata'. Biteri Kultur Etxean gaueko 22:00etan hasita, eta zutik izango da. Sarrera 8 euro leihatilan edo online.

Otsailak 15 Gaztelekuan: oreo bizkotxoa. Arratsaldeko 16:30etan hasita.

Otsailak 15 Erromeria, San Joan Konpartsarekin. Arratsaldeko 18:00etan Plaza Berrin, eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin.

Otsailak 18 Literatur solasaldia: Maixa Zugastiren 'L.A.A' liburua. Gidaria, Ane Mayoz. Solasaldia euskeraz izango da.

Otsailak 20 Hernani Zinekluba: 'Love Lies Bleeding' (2024), Rose Glass, Erresuma Batua.Jatorriko hizkuntzan izango da, ingelesez, baina espainierazko azpidatziekin. Biterin arratsaldeko 19:00etan hasita. 104 minutuko iraupena du eta sarrera 3 euroren truke izango da, Biteriko leihatilan edota online. 

Otsaila 22 Haur antzerkia: 'Moko', Teatro Gorakada. 55 minutuko iraupena du eta 6 urtetik gorako haurrentzat izango da. Biterin eguerdiko 12:00etan hasita. Sarrera 3,5 euroren truke, leihatilan edo online.

Otsailak 22 Gaztelekuan: Zuk erabaki. Arratsaldeko 16:30etatik aurrera.

Otsailak 23 Iñudeak eta artzainak konpartsa, Urumea Ikastolarekin, goizeko 11:45etatik aurrera.

Otsailak 23 Inauteri aurreko kontzertua, Hernaniko Musika Bandarekin, Udaletxeko arkupeetan eguerdiko 12:45etan hasita.

Otsailak 26 Gaztelekuan: futbolin txapelketa. Arratsaldeko 16:30etan hasita.

Otsailak 26 Literatur solasaldia: Peru Camararen 'Galerna' liburuarekin. Gidaria, Slawka Grabowska, eta idazlearekin. Udal Liburutegian izango da, arratsaldeko 19:00etan.Gazteleraz izango da.

Otsailak 28 - martxoak 4 Inauteriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!