Maila onean aritu ziren Hernaniko batelak, Gipuzkoako Ligaren laugarren jardunaldian ere. Trintxerpen jokatu zuten igandeko estropada, eta onenen artean izan ziren Hernaniko neska promesak eta neska jubenilak, beste behin.
Promesak bigarren sailkatu ziren Trintxerpen, Tolosaldearen atzetik, 8 segundura. Hori horrela, lidertzari eutsi diote sailkapen nagusian, Tolosaldea hiru puntura gerturatu zaien arren.
Neska jubenilek, aldiz, lidertza galdu zuten Trintxerpen, ezin lehia estuagoan. Hirugarren sailkatu ziren hernaniarrak, bi segundu baino gutxiagora: 1,84 segunduko aldea atera zien San Juan irabazleak, eta 0,63 segundukoa Hibaika bigarrenak. Hori horrela, San Juanek aurrea hartu die sailkapenean, 30 punturekin. Bigarren dira hernaniarrak, 29rekin, eta haiekin berdinduta dago Hibaika.
Mutil promesen kategorian, bestalde, batel mixtoarekin aritu zen Hernani berriro. 14 batelen artean, 10garren izan ziren hernaniarrak, San Pedro irabazlea baino 50 segundu beranduago helmugaratuta.
Laugarren batel bat ere uretaratu zuen Hernanik Trintxerpen, neska infantilena. Lan ona egin zuten aurreneko luzean, bosgarren posturako lehian; baina ezin izan zuten estropada bukatu.
Datozen bi asteburuetan atseden hartuko dute batelek, eta otsailaren 23an bueltatuko dira Gipuzkoako Ligako lehiara. Donostian izango dute estropada egun horretan, 11:00etan.