Hamar domina lortu dituzte igerilari hernaniarrek Gipuzkoako Igeriketa Txapelketan maila ezberdinetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Hegoi Lazkoz hirugarren postuko sariarekin, Oihan Lizeagarekin batera.

Hamar domina lortu dituzte igerilari hernaniarrek Gipuzkoako Igeriketa Txapelketan maila ezberdinetan

 

Asteburu oparoa izan da igerilari hernaniarrentzat guztira hamar domina lortu eta gero, Gipuzkoako Igeriketa Txapelketan. Bergaran jokatu zen infantil, junior eta absoluto mailetan emaitza aipagarriak lortu dituzte Hernanin, Fortunan eta Bidasoan aritzen diren igerilariak.

Enaitz Goñik urrezko domina lortu zuen 100 metro bizkar proban absoluto mailan. Hori izan zen parte Bidasoako igerilariak parte hartu zuen proba bakarra. 

Jurdan Zalduak (Hernani K.E.) hiru domina lortu zituen infantiletan: 200 metro estiloetan zilarra, 1.500 metro estilo librean brontzea eta 50 metro tximeletan brontzea. Infantiletan Eñaut Zabalegik (Hernani K.E.) bi brontzezko domina (50 eta 100 metro bularrean), laugarren postu bat (200 metro bular) eta bosgarren postua (1.500 metro libre) eskuratu zituen. 

Maila berean Uxue Santxok (Hernani K.E.) bi brontzezko domina lortu zituen, 50 eta 100 metro bular estiloan. Gainera, laugarren izan zen 100 metro estiloetan. Oihan Lizeagak (Fortuna) ere infantiletan zilarrezko domina eskuratu zuen 100 metro estiloetan eta laugarren izan zen 100 metro estilo librean eta bosgarren 100 metro bularren. Azkenik, Hegoi Lazkoz (Fortuna) taldekideak zilarrezko domina lortu zuen 400 metro estiloetan eta laugarren izan zen 1.500eko proban. 

Ez zuten dominarik lortu, baina txapelketa ona osatu zuten Uxune Otaño (Hernani K.E.), Lur Elkoro (Hernani K.E.) eta Andutz Zabalak (Hernani K.E.). Hainbat probetan aritu ziren.

Hernani K.E.ko igerilariek ere parte hartu zuten Andoianen jokatu zen Gipuzkoako Sari Nagusian. Gerezi Juha, Maren Otamendi, E.Artola, Bidane Querejeta, Ilargi Telleria, Xare Garayoa, Uxuri Garayoa, Lide Leunda, Anes Santamaria eta Mara Polo  izan ziren bertan lehiatzen. Denek euren markarik onenak lortu zituzten proba askotan.

 

Enaitz Goñi finaletan Bartzelonan, eta garaile Gasteizen

Bestetik, urtarrileko azken asteburuan Enaitz Goñi Bartzelonako Sant Andreu igerilekuan lehiatu zen Alejandro Lopez sari ospetsuan.

Espainiako saririk garrantzitsuenetakoa izaten da eta Enaitz Goñi bi finaletara sailkatu zen 100 eta 200 estilo libreko probetan. 200eko proban 1:54.75eko denbora egin zuen 50 metroko igerilekuan laugarren amaituz. 100ekoan bosgarrena izan zen 52.79ko denborarekin.

Pasa den larunbatean berriz, Arabako Txapelketan parte hartu zuen Enaitz Goñik 200 estilo librean, Gasteizen, 25 metroko igerilekuan. Bere markarik onena lortu zuen eta erraz irabazi zuen proba 1:50.48ko denborarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!