Atletismoko jaurtiketen entrenamendu irekia izango da ostiral honetan Hernanin, Javier Melisen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Javier Melis jaurtitzaile kubatarra, mailu jaurtiketa bat egiten.

Kubako jaurtitzaile profesional eta entrenatzaile ezagunak gidatuko du saioa, 17:00etan hasita, Sagastialdeko atletismo pistan. Eskainiko ditu disko, mailu, pisu eta jabalina jaurtiketen oinarri teknikoak, estrategiak eta aholku praktikoak.

 

Oso saio berezia izango da ostiral honetan, Hernaniko atletismo pistan. Javier Melis kubatarra etorriko da, jaurtitzaile profesionala eta entrenatzaile ezaguna; eta atletismoko jaurtiketa modalitate ezberdinen inguruko entrenamendu irekia gidatuko du, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Gipuzkoako Atletismo Federazioak eta CD Hernanik antolatu dute saioa, eta interesa duten guztiei luzatu diete gonbitea, Melisekin entrenatzeko aukera aprobetxatu dezaten. 

Gazte mailan Kubako txapeldun izan zen Javier Melis, eta gerora, hainbat aldiz izan da finalista elite mailako Frantziako Txapelketan eta Nazioarteko Irekietan. Entrenatzaile gisa, berriz, «urtetako esperientzia» dauka, «Kubako, Frantziako eta orain Espainiako talentu berriak prestatzen», CD Hernanik nabarmendu duenez: «Hainbat kategoriatako kirolariak prestatu ditu, Frantziako txapeldun izatea lortu dutenak. Eta bere atleta gehienak izan dira finalista txapelketa nazionaletan».

 

«Aukera bikaina da, trebetasunak hobetzeko eta atleta sutsuekin ezagutzak partekatzeko»

Jaurtiketa diziplina guztien inguruan ariko da Melis, ostiraleko entrenamendu saioan: diskoa, pisua, mailua eta jabalina. Aurreratu dutenez, «oinarri teknikoak eta mugimenduak hobetzeko estrategia aurreratuak» erakutsiko ditu, eta baita aholku praktikoak eskaini ere, jaurtiketetan hobetzeko. Azaldu dutenez, saioa diseinatu dute «egungo zein etorkizuneko atletentzat, entrenatzaileentzat eta atletismo zaleentzat»; azken batean, «trebetasunak hurrengo mailara eraman nahi dituztenentzat».

Entrenamendu saio hau antolatuta, beste urrats bat eman nahi du CD Hernanik, «kirolari eskaintzen dion dedikazioan eta talentu berrien garapenarekin duen konpromisoan». Zentzu horretan, nabarmendu dute «une aproposa» dela ostiralekoa, «bertako atletek, bai klubekoek eta bai herrikoek, bat egin eta elkarrekin ikas dezaten. Ez galdu aukera! Zure kirol bizitzan hurrengo urratsa emateko ordua da, zure zain egongo gara!», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!