Posizio politean ekingo dio Hernanik lehenengo mailarako igoera faseari

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Hernaniko jokalariaren jaurtiketa hau atezainak bikain gelditu zuen.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Elgoibarren kontra, lehenengo fasearen azkeneko partiduan.

 

Modurik onenean bukatu du aurreneko fasea Hernanik, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan. Lehendik ere ziurtatuta zeukan igoera faserako txartela, baina garrantzitsua zen larunbateko partidua, Elgoibarren kontrakoa, Hernaniko kiroldegian. Izan ere, bi taldeak sailkatu dira igoera fasera, eta beraien arteko partiduen emaitzak kontuan hartuko dira fase berrian. Eta garaipen ederra lortu zuten hernaniarrak, oso partidu estuan: 37-36 nagusitu ziren.

Bi goleko aldearekin iritsi zen Hernani atsedenaldira (18-16), eta tentsio haundikoa izan zen bigarren zatia, bi taldeetako zaleen animoen artean. Gol festa etengabea izan zen. Hernaniarren kasuan, sei jokalarik gainditu zuten bost goleko langa: zortzi lortu zituen Oier Alegriak, sei Erlantz Goikoetxeak, eta bosna Ander Ameztoyk, Joseba Indabereak, Ianitz Gorrotxategik eta Paul Aizkorbek. Azkenean, gol bakarreko aldearekin irabazi zuten etxekoek, bi puntu oso garrantzitsu lortzeko.

 

Igoera fasea hasteko, sailkapeneko hirugarren

B multzoko bigarren bukatu du Hernanik, Elgoibarri aurrea hartuta, larunbateko garaipenari esker. Gauzak horrela, igoera fasea jokatzeko sailkatu da, Munttarperekin, Elgoibarrekin eta Saiekorekin batera. A multzotik, berriz, Pulpok, Bera Berak, Donibanek eta Urolak lortu dute txartela.

Hortaz, zortzi taldeko multzo berri batekin hasiko dute igoera fasea, baina ez diote hutsetik ekingo. Esan bezala, kontuan hartuko dira nork bere multzoko hiru taldeen kontra jokatutako partiduen emaitzak, eta beraz, soilik A multzoko lauen kontra ariko da Hernani orain, bi itzulitara.

Aurreko faseko emaitzekin, sailkapeneko hirugarren postuan ekingo dio Hernanik, sei punturekin. Pulpo dago lider, 12 punturekin; eta Munttarpe bigarren, 10ekin. Atzetik, bost puntu dauzka Bera Berak, launa Elgoibarrek, Saiekok eta Donibanek, eta hiru Urolak.

Partidu guztiak jokatuta, multzoko lider bukatzen duenak lortuko du igoera zuzena; eta bigarren postutik bosgarrenera sailkatutakoek, semifinalak eta finala jokatuko dituzte, igoerako bigarren plaza eskuratzeko. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!