Suteak kaltetutako eraikinak ez du egiturazko kalterik, baina lau familiak ezingo dute etxera itzuli oraingoz

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 12:56

Gaur goizean egin dute azterketa teknikoa udal teknikariek eta suhiltzaileek. Kale Nagusiko 36ko atariko bizilagunek ezingo dute etxera bueltatu; bai, ordea, 34 eta 38 atarietakoek.

Atzo goizean goiz Kale Nagusian piztutako suak ez du egiturazko kalterik sortu erretako eraikinetan. Hala ondorioztatu dute Hernaniko udal teknikariek eta suhiltzaileek, gaur goizean egin duten azterketarekin.

Zortzi eraikin hustu behar izan zituzten sutearen ondorioz, 40 etxebizitza guztira. Kasu gehienetan, arratsalde partean bueltatu ziren bizilagunak etxera, baina hiru eraikinetakoek etxetik kanpo pasa behar izan dute gaua: sutea hasi zen 36 atarikoek, eta ondoko 34 eta 38 atarietakoek.

Hustutako etxebizitza guztiak aztertu dituzte gaur goizean, eta azaldu dutenez, 36 atariko bizilagunek ezingo dute etxera bueltatu oraingoz. Lau etxebizitza eta lokal komertzial bat daude eraikin horretan, eta lokalak aukera izango du ohiko jarduerara itzultzeko, ez baitu kalterik jaso. Eraikinean ere ez dago egiturazko kalterik, baina bai bestelakoak: erre zen etxea eta teilatua kaltetuta daude, eta eraikineko beste etxebizitzek ere izan dituzte kalte batzuk. Horien eraginez, ezinezkoa izango dute momentuz etxera bueltatzea, eta familia horiei guztiei alternatiba bat eskaintzeko lanean ari dira Udaleko Zerbitzu Sozialetako teknikariak.

34 eta 38 atarietako bizilagunek, aldiz, normaltasunez bueltatuko dira etxera. Eraikin horietan kalte batzuk izan arren, bertan bizitzeko moduan dira bizilagunak, udal teknikariek eta suhiltzaileek azaldu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!