Harrotzen Gazte Feminista taldeak bi ekintza antolatu ditu otsailerako

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 00:00

Karmele Jaioren 'Maitasun Kapitala' liburua izango dute hizpide.

Otsailaren 14an Garin tabernan kafe tertulia antolatu da  eta Karmele Jaioren 'Maitasun Kapitala' liburua hizpide izango dute.

Hernaniko Harrotzen Gazte Feminista taldeak bi ekintza antolatu ditu otsailean. Lehenengoa otsailaren 14an izango da Garin tabernan. 18:30etatik aurrera Karmele Jaio idazlearen Maitasun Kapitala liburua izango dute hizpìde kafe tertulian. 

«Maitasun erromantikoa erabiltzen den egunean, San Valentin egunean, sistema zisheteropatriarkalak emakumeoi erakusten digun maitasun eredu erromantikoa mahai gainean jarriko dugu», diote Harrotzeneko kideek. Antolatzaileen esanetan, «gaiarekiko interesa duen ororentzat interesgarria izango da, liburua irakurria izan ala ez». 

 

Otsailaren 21ean asanblada irekia, Biterin

Harrotzenek antolatuko duen bigarren ekitaldia otsailaren 21eko asanblada irekia izango da. 18:00etan Biterin elkartuko dira, Herriko gazte feministok datozen hilabeteetan zer? lelopean. 

Asanbladaren helburua, herrian datozen hilabeteetan izango diren mugarri ezberdinak antolatzea izango da, besteak beste, martxoaren 8a eta sagardotegi denboraldiaren aurrean autodefentsa feminista. «Hortaz, borobildu bi data hauek agendan eta hitzorduetan ikusiko dugu elkar! Zapaldutako lurrak harrotzera gatoz!», azpimarratzen dute Harrotzenetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!