Kale Nagusian sortutako suteak kalte haundiak eragin ditu 36ko eraikinean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 00:00

Suhiltzaileak sutea itzaltzen urarekin.

Kalte material garrantzitsuak izan dira, baina zorionez ez da zauriturik izan. Sua zerk eragin duen jakiteko lanean ari dira suhiltzaileak.

 

Hernaniko zortzi portaletako bizilagunak etxetik atera zituzten, atzo goizaldean, Kale Nagusian piztu zen sute baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez.

Sutea Kaxkoan piztu zen, Kale Nagusiko 36 zenbakian, (Mari Fe arraindegiko ataria) egurrezko egitura duen hiru solairuko eraikinean. «Goizeko 06:00ak aldera piztu zen sua» adierazi zion Kronikari Xabier Lertxundi alkateak. Sutea berpiztu egin zen 08:30ak aldera, eta 36 zenbakiko bizilagunez gain, 32, 34, 38, 40, 42 eta 44ko bizilagunak ere etxetik atera zituzten eta etxebizitzak hustu zituzten.

«Suteak kalte material haundiak eragin ditu», aipatu zuen alkateak, baina 09:30etarako suhiltzaileek kontrolatzea lortu zuten. Ez zen zauriturik izan eta suhiltzaileek azkar ebakuatu zituzten bizilagunak.

Guztira 30 familia inguru atera behar izan zituzten etxetik. Sua erregistratu zen 36. blokean sei familia bizi dira, Oraindik ez dakite zerk sortu zuen sua eta suhiltzaileak hori ere aztertzen ari dira.

38 zenbakiko Jesus bizilagunak adierazi zionez Kronikari, «lotan geundela ertzainak etorri ziren etxebizitzatik ateratzeko esanez. Genuenarekin atera ginen eta Kixkal tabernan babestu portal guztietako bizilagunak. Bigarren pisuko adineko emakume bat esnatzeko atea indarrez ireki behar izan zuten eta anbulantziara eraman zuten sustoak sortutako ezin egonaren ondorioz». Kalte materialak aztertu beharko dira eta pisuak zer egoeratan geratu diren ikusi beharko da.

Eguerdirako itzali zuten sua. Suhiltzaile gehienek alde egin zuten ordutik aurrera, baina zaintza lanetan gelditu ziren suhiltzaile batzuk. Egurrean gar txikiek iraun dezakete, eta sua berriz ez pizteko lanean jardun zuten.

 

36 zenbakiko goiko aldea erabat suntsituta, teilatua erori zen, eta egitura kaltetu

36. atariko eraikinaren goiko aldea erabat suntsitu zen: erori egin zen teilatua, eta egitura kaltetua dago. Oraindik balorazioak egitekoak dituzte, peritoak lanean ibili ziren egun guztian zehar, baina kalte haundiak ditu eraikin horrek. Ondoko atarietan, 34.enean eta 38.enean, kalteak zenbatekoak izan diren ikusi beharko da.

 

13 familiek ezin izan zuten etxebizitzetara itzuli

14:00etatik aurrera, atari batzuetako bizilagunei beren etxeetara itzultzen utzi zieten, haien eraikinetan kalterik ez zela bermatu ahala. Argindarra eta gasa eten zituzten, ur asko bota zutelako suhiltzaileek sua menderatzeko. Hala ere, Ertzaintzak 34, 36 eta 38. atariko bizilagunei esan zien, ezingo zutela itzuli etxera. Udalak ostatua eman zien bizilagun batzuei, hotel batean. Guztira 13 familiek ezin izan zuten beraien pisuetara itzuli.

 

'Multumesc' (eskerrik asko), Kixkal tabernakoei

Portaletako bizilagunak oso eskertuta agertu ziren Kixkal tabernakoekiko izan zuten harrerarekin. «Goizeko 06:45etatik hartu gaituzte tabernan eta jatekoa eta edatekoa eman digute doan. Ikaragarri ondo portatu dira gurekin. Multumesc (eskerrik asko errumanieraz)».

Kalteak bai, baina zauriturik ez zuen eragin suteak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, osasun zerbitzuek bi lagun artatu zituzten, aipaturiko emakumea eta ertzain bat, baina ez zituzten ospitaleratu behar izan. Xabier Lertxundik adierazi zuen larrialdi zerbitzuek eta bizilagunek azkar esku hartu zutela, eta horri esker ez zela kalte haundiagorik izan: «Azkar atera ahal izan zituzten etxetik sutean kaltetutako eraikinetan bizi ziren pertsonak, eta ez zen inor zauritu».

Udala egoera aztertzen ari da, kaltetutako bizilagunen beharrei erantzuteko lanean. Kale Nagusiaren atzealdeko karkabara ere erori ziren erretako etxeko teilatu puska eta errautsak. Plaza Berritik Roldaneko iskinera kalea itxita zegoen arratsaldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!