Kale Nagusiko 36 zenbakian sortutako suteak eragin du zortzi portaletako bizilagunak etxetik atera behar izatea

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 10:42

Ez dago zauriturik, baina kalteak haundiak dira. Goizeko 06:00ak aldera hasi da sua eta 08:30etan berpiztu da. Goiz osoan arituko dira suhiltzaileak lanean.

Hernaniko zortzi portaletako bizilagunak etxetik atera dituzte Kale Nagusian piztu den sute baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Sutea Kaxkoan piztu da, Kale Nagusiko 36an, egurrezko egitura duen hiru solairuko eraikin batean. «Goizeko 06:00ak aldera» adierazi dio Kronikari Xabier Lertxundi alkateak. «Suteak kalte material haundiak eragin ditu» adierazi du alkateak, baina dagoeneko suhiltzaileek kontrolatzea lortu dute. «Ez dirudi zauriturik dagoenik eta suhiltzaileek azkar ebakuatu dituzte bizilagunak».

Dena den, sutea berpiztu egin da 08:30ak aldera 34 zenbakian, eta 36 zenbakiko bizilagunez gain, 32, 34, 38, 40 eta 42ko bizilagunak ere etxetik atera dituzte eta etxebizitzak hustu dituzte. Beste bi portaletakoak ere atera dituzte.

Guztira 30 familia inguru atera behar izan dituzte etxetik. Sua erregistratu den 36. blokean sei familia bizi dira, Hernaniko Udalak adierazi bezala.

Oraindik ez dakite zerk sortu duen sua eta suhiltzaileak hori ere aztertzen ari dira. 

38 zenbakiko bizilagun baten adierazi digunez «lotan geundela Ertzaintza etorri da, etxebizitza uzteko esanez. Genuenarekin atera gara eta Kixkal tabernan gaude portal guztietako bizilagunak. Bigarren pisuko adineko emakume bat esnatzeko atea indarrez ireki behar izan dute eta anbulantzian eraman dute sustoak sortutako ezin egonaren ondorioz. Hala ere Plaza Berri aldera, 38tik 42ra arteko zenbakietan ez da surik iritsi».

Portaletako bizilagunak oso eskertuta agertu dira Kixkal tabernako arduradun eta nagusien harrerarekin. «Goizeko 06:45etatik hartu gaituzte tabernan eta jatekoa eta edatekoa eman digute doan. Ikaragarri ondo portatu dira gurekin. Multumesc (eskerrik asko errumanieraz)».

Suak goranzko, Plaza aldera, bidea egin omen du. «36an sortu da sutea eta gero 34a hartu du».

Kalte materialak aztertu beharko dira eta pisuak zer egoeratan geratu diren ikusi beharko da.

Hasiera batean, sutetik urrunen dauden blokeetan bizi diren pertsonek beren etxeetara lehenago itzultzeko aukera haundiagoa izango dute, baina gainerakoentzat suagatik eta suhiltzaileek garrak itzaltzeko erabili behar izan duten uragatik zein egoeratan geratu diren ebaluatu beharko da. Suhiltzaile asko izan da, etxebizitza gehienek egurrezko egitura dutelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!