'Gure herriko señorak' erakusketa ikusgai izango da KPFn otsailean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 00:00

Irudia eta soinua erabiltzen dira 'Gure herriko señorak' erakusketan.

Mireia Vehik arrazakeria eta kulturartekotasunari buruzko hitzaldia eskainiko du otsailaren 26an.

Uxue eta Miren Bereziartua ahizpek iazko kultur sorkuntzako bekarekin sortu zuten Gure herriko señorak erakusketa ikusgai izango da otsailaren 17tik martxoaren 28ra. Herriko 17 emakumeren bizipenak jasotzen dituen disziplina arteko lana da: ilustrazioa, bideoa eta soinua. Erakusketaren inaugurazioa otsailaren 21ean izango da, 18:00etan. Urrian Biterin izan zen ikusgai eta orain Kulturarteko Plaza Feministara egingo du salto. Errepikatu nahi duenak aukera ederra du eta ikusi ez zuenak zer esanik ez, erakusketa ikusteko.

Bere argazkien erabilerarekin emakume bakoitzaren collage bat sortzen da, baina, gainera, oso interesgarria den ikus-entzunezko baten presentziarekin konbinatzen da. Zalantzarik gabe, esperientziaren ahotsa dira, tokian-tokiko. Adin guztietarako oso gomendagarria, Hernani zer izan den, bere iragana zein den ezagutzeko aukera ematen du, baina kalekoa, ez liburuetan idatzita dagoena. 

Duela hamarkada batzuk nola bizi zen ezagutzera eramaten digu erakusketak... oroitzapen pilaketa bat da eta, hernaniarrari, baina baita kanpokoari ere, egunerokotasunean igarotzen diren lekuez gehiago jakitea ahalbidetzen dio. Leku horien iragana ezezaguna da gehiengoarentzat eta pertsona askorentzat zer esan nahi zuen ez dakigu. Liburuxka batean ere erakutsiko da lana.

 

Mireia Vehi CUP-eko lehenengo diputatua izan zen Madrilgo kongresuan

Otsailaren 26an, Mireia Vehí soziologo kataluniarraren Arrazakeria eta kulturartekotasuna: gogoeta partekatuak hitzaldia izango da, 18:00etan.

Gizarte Afrikarretan eta Garapenean graduondoko ikasketak hasi zituen Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta Emakumeak, Generoa eta Herritartasuna masterra egin zuen Emakumeen eta Generoaren Ikasketen Unibertsitate arteko Institutuan. Afrikako eta Kulturarteko Ikasketa Zentroko Batzordeko kidea da. Kataluniako Parlamentuan diputatua izan zen CUP alderdian. CUP lehenengo aldiz aurkeztu zen Espainiako Hauteskunde Orokorretara 2019an eta CUPeko historiako lehenengo diputatua izan zen Madrilgo Kongresuan.

 

Otsaila, Jabetze Eskolen hasiera

Otsailean Emakumeen Jabetzeko Eskolako ikastaroak hasiko dira Kulturarteko Plaza Feministan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!