Urtea estrakzio gutxirekin hasi eta gero otsailean buelta eman nahi diote Odol emaileen Elkartekoek

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 00:00

Odola emateko jendea behar da.

Urtarrilean 19 estrakzio bakarrik izan ziren eta etzi izango da otsaileko zita

 

Urtea ez dute nahi bezala hasi Odol emaileen Elkarteko kideek. Urtarrilean 19 odol emate bakarrik izan ziren eta estrakzio gutxi izan eta gero, otsailean egoerari buelta eman nahi diote. Etzi, asteartean, otsailaren 4an, izango dute odol emaileek zita Hernaniko anbulategian.

17:00etatik 21:00etara izango da ordutegia eta horretarako, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, astearte goizean zehar 943 00 78 85 telefonora deituta.

 

Odol emaileak behar dira

Odol emaileen Elkarteak azaldu du, azken urteetan beherakada nabarmena egon dela estrakzio kopuruetan eta 2025a ez da hasi espero bezala. 40-50 estrakzio inguru izan ziren aurreko urteko azken hilabeteetan eta urtea 19 estrakziorekin hastea oso datu kaxkarra da.

«Pandemiak kalte haundia eragin zuen, jendea jada ez da garai batean bezala etortzen, eta jubilatzen den jendearekin jaitsiera nabarmena da».  Horregatik, herritarrak parte hartzera dei egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!