Gallartaren Ahotsa taldearen kontra jokatuko du Hernanik Euskal Ligakoa, bihar goizean etxean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Hernaniarrak jokaldi bat prestatzen, aurreko partidu batean.

Irabazi beharreko partidua da mutil hernaniarrentzat, beheko postuetan dagoen talde baten kontra, 11:30etan kiroldegian. Gipuzkoako Ligako neskak Bidebietan ariko dira gaur, 17:40etan, Ipar Titanak taldearen kontra.

 

Onenen lehian bete-betean sartuta jarraitzen du Hernanik, mutilen Euskal Ligan. Hirugarren dago, 39 punturekin, Udapa Jatorkideren (43) eta Navarvoleyren (41) atzetik. Eta hiru taldeen ondoren, sekulako zuloa dago sailkapenean: 28 puntu dauzka Sestaok, laugarrenak.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa ia garaipena lortzeko obligazioarekin heltzea partidu bakoitzari hernaniarrek, gainerako talde guztien kontra. Horietako bat da biharkoa: Gallartako Ahotsa taldearen kontra jokatuko dute etxean, goizeko 11:30etan hasita kiroldegian. Sailkapeneko beheko postuetan dago talde bizkaitarra, 10garren, 13 punturekin.

Bere lanak ondo bete, eta Gasteizera begira izango dira hernaniarrak, partidua bukatuta. Izan ere, ordu berean jokatuko dute sailkapeneko aurreneko biek, elkarren kontra: Udapa Jatorkidek eta Navarvoleyk. 

 

Nesken Gipuzkoako Ligan, Bidebietan zita Hernanik

Hernaniko nesken talde nagusiak, berriz, etxetik kanpo jokatuko du Gipuzkoako Ligako partidua, asteburu honetan. Donostian ariko da gaur, Bidebietako kiroldegian, 17:40etan hasita. Ipar Titanak taldea izango dute kontrario hernaniarrek, aurreneko garaipenaren bila.

Ez dute nahi bezala hasi txapelketa, aurreneko hiru partiduak galduta; eta horri buelta eman nahi diote gaur, Bidebietan garaipena lortuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!