Osiñagako Auzo Elkarteak gogoratu nahi die auzokideei, bihar, otsailak 2, egingo dela auzoko bilera.
Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira herritarrak, Arriatzuko eskolan. Urtearen hasierako bilera honetan ondorengo gai hauek jorratzea izango da asmoa. Alde batetik, iazko urtearen balantzea egingo dute denen artean. 2024. urtean egindako lanaren balorazioa egingo da, eta kontuen azalpena ere emango dute bide batez. Bestetik, 2025erako egutegia antolatzea izango da bigarren puntua. Tartean, jaiak, bilerak, aurrera eraman nahi diren proiektuak finkatzea da asmoa, eta horrela, gaurdanik lanean hastea litzateke helburua. Azkenik, Auzoaren beharrak zeintzuk diren identifikatzeko lana ere egingo dute. «Auzoan dauden beharrak eta bestelakoak aztertu behar ditugu, ondoren Udalari bideratzeko, eta egiteko», azaldu dute elkartekoek.
Osiñagako Auzo Elkartetik dei egiten diete auzokide guztiei urteko lehen bilera honetan parte hartzera eta auzoan lan egitera.