Otsailaren 23an hasiko du igoera fasea Hernanik, Ingenieros Industriales Las Rozasen kontra Landaren

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Pasek Belenosen kontra etxean jokatuko du Hernanik igoera fasean ere, duela bi aste bezalaxe.

Datorren asteburuan hasiko da fase berria, baina aurreneko jardunaldian atsedena tokatu zaie trikoloreei, eta hurrengo astean ez da partidurik izango. Maiatzaren 4ra arte luzatuko da igoera fasea, eta lau onenek jokatuko dute play-offa.

Ondo baino hobeto egin ditu lanak Hernanik, Ohorezko B Mailako aurreneko fasean, eta helburua bete du: igoera fasera sailkatzea. Eliteko multzoa izendatu dutena osatuta, dagoeneko zozketatu dute egutegia ere, eta gainerakoak baino beranduago ekingo diote trikoloreek fase berriari: otsailaren 23an, Ingenieros Industriales Las Rozas taldearen kontra, Landaren.

Berez, datorren asteburuan hasiko da igoera fasea, otsailaren 8an. Baina multzoan bederatzi talde izanik, astero batek hartu beharko du atseden; eta Hernaniri tokatu zaio estreinako jardunaldian. Hurrengoan, berriz, ez da partidurik izango. Gauzak horrela, trikoloreek ia hilabeteko tartea izango dute prestaketa lanak fintzeko, Gaztediren kontra jokatu zutenetik.

Aurreneko lauen artean sailkatzea, helburua

Talde guztiek behin jokatuko dute elkarren kontra, eta maiatzaren 4ra arte luzatuko da igo­erako ligaxka, zortzina parti­durekin. Orduan, au­rreneko lau postuetan egongo da langa: lau talde onenek jokatu­ko du­te play offa, igoera lortzeko. Play offeko irabazleak lortuko du Ohorezko Mailara igoera.

Hernanik honako kontrario­ak hartuko ditu Landaren: Las Rozas, Pasek Belenos, Cisneros eta Liceo Frances. Kanpoan, berriz, beste lau talderen kontra ariko da: L'Hospitalet, Gernika, Sant Cugat eta Valencia.

 

Ohorezko B Maila berria, datorren denboraldian

Bereziki urte garrantzitsuan lor­tu du igoera fasera sailkatzea Hernanik. Izan ere, datorren denboraldirako kategoria berri bat sortuko du Espainiako Errugbi Federazioak, Ohorezko B Maila izango dena, 10 talderekin. Horretan ariko dira, hain juxtu, orain igoera fasea jokatuko dutenak, igoerak eta jaitsierak gorabehera. Gauzak horrela, denboraldi osoan Estatuko taldeekin jokatuko luke Hernanik.

Orain arteko Ohorezko B Maila, hiru multzotan banatutakoa, hirugarren kategoria izatera pasako da.

HERNANIREN PARTIDUAK IGOERA FASEAN

OTSAILAK 22-23

Hernani-Las Rozas

MARTXOAK 1-2

L'Hospitalet-Hernani

MARTXOAK 15-16

Hernani-Pasek Belenos

MARTXOAK 29-30

Gernika-Hernani

APIRILAK 5-6

Hernani-Cisneros

APIRILAK 12-13

Sant Cugat-Hernani

APIRILAK 26-27

Hernani-Liceo Frances

MAIATZAK 3-4

Valencia-Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!