«Hurbildu zaitez bailarako ikastetxeetara, ezagutu eta behar duzun informazioa eskatu»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Matrikula egiteko ohiko epean familiek aukeratzen dute beren haurrentzako ikastetxea.

Aurrematrikulazioa egiteko epea zabalduko da astelehenean Euskal Autonomia Erkidegoan. Otsailaren 3tik 14ra bitarte izango da, bi egunak barne, eta Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat izango da. 

Kaleratu dute 2025-2026 aurrematrikulazio kanpaina noiz hasiko den. Aurrematrikula egiteko epea otsailaren 3tik 14ra egongo da zabalik, Euskal Autonomia Erkidegoan. Egutegi ofiziala kaleratu berri dute eta etzitik aurrera Haur, Lehen eta Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleek matrikulatzeko aukera izango dute. Nafarroako Gobernuaren kasuan, oraindik ez du igerri noiz izango den aurrematrikula epea.

Urumea bailarako ikastetxeak ere prest daude kurtsoari eusteko, eta inguruko haurrek ez dute aukerarik faltako Urumea bailarako heziguneetan. Bailaran aukera zabala eskaintzen dute, besteak beste, Astigarragako Herri eskolak, Hernaniko Elizatxok, Langilek, Urumeak, Aratzek eta BHI Institutuak; eta Ereñotzuko Txirrita ikastolak. Goizuetarren eta aranoarren kasuan beranduago egingo dute tramitea.

Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa indartzeko kanpaina ere abiarazi du eta aditzera eman duenez, ikastetxe guztien inklusioa eta arrakasta sustatzeaz gain, ikasteko deskubritzeko eta etorkizunerantz hazteko lekua ere badela azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, EAEko haurren %90a baina gehiago 2 urterekin eskolatuta daude. Matrikula egiteko ohiko epean (otsailean) familiek aukeratzen dute beren haurrentzako ikastetxea eta irakasteredua.

Urumea bailarako ikastetxe guztiak D eredukoak direnez, euskera gailentzen da, eta arlo guztiak euskaraz ematen dira. Gaztelania irakasgaia da eta ingelesa irakasten da lau urtetik aurrera.

 

Aurreko ikasturteko berrikuntzak mantentzen dira

Aurreko ikasturtean, 2024/2025ean, aplikatutako neurriak mantenduko dira 2025/2026 ikasturte honetan ere: «Datorren ikasturterako onarpen-prozesuak jarraipena emango die egindako berrikuntzei eta neurriei, ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin», azaldu du Hezkuntza Sailak. Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak aditzera eman duenez, eskola-segregazioari aurre egiteko neurriak aplikatzen jarraituko da, eta ikasturte honetan iazko neurri berak ezarriko dira. 2, 3 eta 4 urteko geletan plazen erreserba ere aplikatuko da.

Gogoan izateko, hauek izan ziren iaz adostutako zenbait berrikuntza: batetik, aukeratutako ikastetxean gutxienez beste seme-alaba bat matrikulatuta duten familia eskatzaileek plaza ziurtatuta izango dute hasierako mailan (2 urteko gela edo, bestela, 3 urtekoa); bestalde, ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek bertan lortuko dute plaza, hala eskatzen badute; eta azkenik, eskaera egin duten familiek, hasierako mailan, erditze anizkoitzetatik jaiotako seme-alabak badituzte, 6,5 puntu jasoko dituzte bakoitzarengatik.

Euskal eskola publikoan matrikulatzeko baldintzek euskal familien artean «gogobetetze-maila altuak» lortu dituztela azaldu dute, eta 2024-2025 ikasturte honetan, «familien % 94,7k ikusi dute beren seme-alabak matrikulatzeko lehentasunezko aukera bete dela».

 

Nola egin daiteke matrikulazioa?

Familiek etxetik hurbilen duten ikastetxea bisitatu ahal izango dute, eta bertan emango diete matrikulazioaz behar duten informazio osoa. Matrikulari buruzko informazioa Hezkuntza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan ere eskuratu daiteke, gure kasuan Donostian dago Gipuzkoako ordezkaritza. 

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan otsailean zehar irekitzen da normalean matrikula egiteko ohiko epea, eta gehienez hamabi ikastetxe aukeratu daitezke nahi den hurrenkeran. Matrikula egiteko bi modu daude, horietako bat da aurrematrikulatu nahi den ikastetxera bertaratzea, hau da, matrikulazioa aurrez aurre egitea. Ondorengoak dira hitzordua eskatzeko bailarako ikastetxeetako datuak: Langile ikastola, 943 89 91 85 (meabe) edota laubidieta@langile.eus ; Urumea ikastola, 943550472 edota urumeazuzendaritza@urumealhi.org ; Elizatxo ikastola, 943899195 edota elizatxo@elizatxo.eus ; Astigarragako Herri Eskola, 943551262 edota 013521aa@hezkuntza.net  ; Aratz ikastola, 943 55 02 33 edota idazkaritza@aratzikastola.eus ; Hernani BHI Institutua,  943 899 511 edota santabarbara@hernanibhi.eus ; eta Ereñotzuko Txirrita ikastola, 943554256 edota Eskolatxikiak.eus webgunea.

Hezkuntza Sailaren Lurralde Ordezkaritzan ere egin daiteke matrikulazio prozesua edota online bidez, edozein ordenadoretatik. Telematikoki egiten bada, aplikazioan erregistratua egotea beharrezkoa da eta eskatzen den dokumentazioa gehitu beharko du eskatzaile bakoitzak: familia-liburua, errolda-agiria, egoitza baimena, pasaportea…

Behin matrikulazio-epea bukatutakoan, onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.

 

Kontuan hartu beharreko egutegia

Matrikulazio epeaz gain, kontua hartu beharreko data batzuk badira egutegian: otsailaren 3tik 14ra eskaerak eta egiaztagiriak aurkezteko epea izango da, online edo ikastetxean bertan (bulego orduetan) ; martxoaren 5ean, eskatzaileen zerrendak argitaratuko da; martxoaren 18an, plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, eta erreklamazioak aurkezteko epea ere zabalduko da, apirilaren 10era arte. Azkenik, apirilaren 15ean behin betiko zerrendak argitaratuko dira, eta errekurtsoak aurkezteko epea, maiatzaren 30era arte luzatuko da.

 

Bekak eta eskolako jantokiak

Irakaskuntza prozesuan testu liburuak, eskola materiala eta jantokia erabiliz gero, ordaindu egin behar dira. Familia gastu horiek ordaintzen laguntzeko, laguntza ekonomikoa emateko deialdi bat egiten da urtero, bekak deritzona. Beken laguntzen artean sartzen dira, besteak beste, Testuliburuetarako eta eskola materialerako laguntzak eta jantokirako laguntza. Deialdia urrian izaten da, eta bekei buruzko informazioa eta izapideak ikaslearen ikastetxean bertan lortu ahal izango dira. Hala ere, zenbait ikasle ikasturtea hasita dagoenean etortzen badira ikastetxera, geroago eskatu ahal izango dituzte bekak. 

Ikastetxeetako jantokiei dagokionez, normalean, eskola-jantoki zerbitzua izaten dute gehienek. Bertaratzen diren ikasle guztiek menu berbera izaten dute, baina badira dieta bereziak eskaintzen dituzten jangelak ere, osasun arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik menu berezia behar duten horientzako.

 

Eskolaz kanpoko jarduerak eta itzulpen zerbitzuak ere antolatzen dira ikastetxeetan

Zenbait ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dira, eskola jarduna amaitzen denerako. Jolas, kirol edo kultura jarduerak izaten dira normalean, eta ikastetxeko guraso elkarteak antolatu izan ohi ditu. Gehienetan, kuota bat ordaintzen da eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeagatik.

Itzulpen zerbitzuari dagokionez, ikastetxeak, beharrezkoa denean, aldibereko itzulpen zerbitzua izan dezake, lekuan lekuko beharren arabera eta ikastetxe bakoitzaren antolaketaren arabera.

 

Aurrematrikulatzeko beharrezko dokumentazioa

Aurrematrikulazioa eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztea beharrezkoa izango dute eskatzaileek. Dokumentazio hau aurkeztea ezinbestekoa dela eman du aditzera Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, dokumentuak aurrematrikulazio epearen barruan aurkeztu beharko dira, hau da, otsailaren 3tik 14ra bitartean. Bi modu daude informazioa aurkezteko, bata aurrez aurre eta bestea online. Dokumentazioa epez kanpo entregatuz gero, eskaera osatu gabe geldituko da, halabeharrez, ez zaio eskaera onartuko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko webgunean ondo zerrendatuta daude aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda. Besteak beste, ondorengoak dira aurkeztu beharreko zenbait dokumentu: ikaslearen Erregistro Zibilaren ziurtagiri indibidualaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofizial bat; aitaren edo amaren Erregistro Zibilaren ziurtagiri indibiduala edo legezko tutorearena; Ikaslearen aita, ama edo lege-tutorearen ziurtagiri indibiduala; Ikaslea  familia-harreran egotekotan, berezko ziurtagiri ofiziala; hezkuntza-laguntzako berariazko premiei buruzko galdetegia; egindako ikasketen ziurtagiria (EEAtik kanpo datozen ikasleek bakarrik) edota Hezkuntza-laguntzako berariazko premiei buruzko galdetegia.

Gurasoak bananduta edo dibortziatuta egonez gero, familientzako jarraibide zehatzak ere ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak.

 

 

«Kalitatezko irakaskuntza dugu bailaran»

2025/26 ikasturterako ere, aukera zabala dago bailaran haur, nerabe eta gazteentzako. Udaletik, ikastetxeetara hurbildu eta informatzeko deia egin diete herritarrei: «Hurbildu zaitez bailarako ikastetxeetara, ezagutu eta behar duzun informazioa eskatu».

Eskaintzen den hezkuntza kalitate haundikoa izateaz gain, abantaila asko dituela ere gogoratu du Hernaniko Udalak, «kalitatezko programak eta zerbitzuak eskaintzen dituena, eskola orduetan eta eskolaz kanpo: tratu onen tailerrak, ahozkotasuna lantzeko programak, sexu-heziketa, musikaz gozatzeko saioak, gurasoentzako tailerrak, etorri berrientzako errefortzuak, eskola-kirola edota jangela zerbitzua». Gogoratu du ere, irakaskuntza parte hartzailea dela, guraso, irakasle eta ikasleen arteko elkarlana bultzatzen duelako. Bestalde, herrian txertatuta dagoen irakaskuntza ere badela, hau da, herriko kultur jardueretan parte hartzen duena.

Aniztasunari arreta jartzen dion irakaskuntza bultzatzen dute, komunitate osoaren inklusioa helburu duena. Gainera, herrian eskola ezberdinak egonik ere, herriko eskolen arteko elkarlana lantzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, elkarlanera bultzatuko duten ekimenak eginez.

Urumeako bailaran «hezkidetzan oinarritua» eta «ingurumena zaintzeaz arduratzen den» irakaskuntza eskaintzea da helburuetako bat. 

Aitzitik, herriko ikastetxeek dituzten abantailak ere azaldu ditu Udalak. Alde batetik, «iraunkorragoa» dela diote, ikastetxeak gertu daudenez, oinez edo bizikletaz joateko aukera baitute ikasleek. Gurasoentzat ere, abantaila da, seme-alaben heziketa hurbil-hurbiletik egiteko jarraipena dagoelako, baita «ikastetxearen egunerokotasunean parte zuzena» hartzeko. «Seme-alabek herrian bertan lagunarte zabala izateko aukera» dutela eta hau bultzatzeko, herriko jarduerak eta zerbitzuak eskura daudela gogoratu dute: eskola-kirola, kultur jarduerak, kiroldegia, kultur etxea, musika-eskola...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!