Baratxuri zoparen sekretua! da Hernaniko Zapotxin pailazoaren ikuskizun berria. Estreinaldia Dobera Euskara Elkartearen eskutik izango da, bihar, Hernanin. Bi saio eskainiko ditu Zapotxinek, Biteri kultur etxean: lehena goizeko 10:30etan, eta bigarrena 12:00etan. Saioetarako sarrerak salgai daude dobera.eus eta kultura.hernani.eus webguneetan, 8 euroan.
Aurten, Zapotxinen antzerki taldeak hautsi nahi ditu sorginen iruditegiaren gainean dauzkagun uste okerrak, eta begirada historiko eta berria eskaini orain arte ipuinek kontatu digutenari.
Musika herrikoiek presentzia haundia izango dute antzezlanean zehar. Betiko doinu ezagunei hitzak berritu dizkie Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariak. Baina ez dira hemengo doinuak soilik entzungo, Frantziako eta Mexikoko doinuak ere ekarriko baititu Zapotxinek.
Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko zortea izan du Zapotxinek, eta pixkanaka konfiantza hartzen joan da taldea, lanbide honetan, pailazoak berak dioenez.
«Berritik ere badu bihar aurkeztuko dugun antzezlanak. Izan ere, pertsonaia berri asko edukiko ditugu oholtza gainean: Maripanpalona sorgina, Kroketa Koketa sukaldaria, Xerafino Bonbardino orkestra zuzendaria eta Amona Badalona AEKn apuntatu den amona maitagarria. Lagun guzti hauek berriak dira oholtzan; beraz, urduritasuna ere nabaritzen dugu». Formatu eta ekoizpen aldetik ere, aurrerapausoak ematen saiatu gara eta publikoari gustatzea espero dute. 75 minutu inguruko ikuskizuna izango da.