Entzuna bazen ere, aste honetan hasi dira aplikatzen neurria: 12 urte arteko haurrek doan bidaiatuko dute garraio publikoan. Gipuzkoarako neurria izanda, eta Mugi sisteman sartuta dauden garraio publikoko operadore guztietarako balio duenez, Hernaniko hiribusean ere aplikatuko da neurria. Beraz, 12 urte arteko haurrek dohainik erabiliko dute Hernaniko hiribusa.
Atzo hasi zen neurria aplikatzen Hernanin; beraz, gaurdanik haurrek ez dute garraio publiko hau ordaindu beharrik izango. Horretarako, baina, Mugi txartel pertsonalizatua edukitzea beharrezkoa izango dute gazteek. Orain arte, sei urte arteko haurrek dohainik erabili zezaketen hiribusa, eta orain, 12 urte arte zabaldu da neurria.
Aitzitik, hiribusak aldaketak egin behar ditu balioztatze sistema egokitzeko, eta bitarte horretan, bidaiatzeko txartela emango zaie haurrei. Hala ere, doakotasun horretaz baliatzeko eta bitarteko txartel hori jasotzeko ere, erabiltzaileek nahitaez izan beharko dute Mugi txartel pertsonalizatua. Mugi Gazte G Txartela ('gazte' txartela ere deitua) duten adingabeek ez dute inolako tramiterik egin behar.
Bestalde, Hernaniko hiribusean ez ezik, Gipuzkoako gainerako garraio publikoa ere dohainik izango dute adin hori arteko haurrek. Doakotasuna haurrak 12 urte betetzen dituen egunean bukatuko da.