Hernaniko Euskararen Kontseiluak urtea beteta, balorazioa egin eta erronkak zehaztu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 00:00

Hernaniko Euskararen Kontseilua bildu zen pasa den astean udaletxean.

Hernaniko elkarte eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren 2024ko balorazioa egin eta aurtengo erronka berriak zehazteko. 2025erako 22 egitasmo onartu dituzte dagoeneko.

Urtebeteko ibilbidea egin du Hernaniko Euskararen Kontseiluak. Aurreko astean elkartu ziren kontseilua osatzen duten elkarte eta erakundeetako ordezkariak, 2024eko balorazioa egin eta 2025eko erronka berriak zehazteko. Iazko urtean 15 egitasmo izan zituzten eskuartean, urte honetarako berriz, 22 onartu dituzte jada.

Euskararen Kontseiluak sortu zenetik urtebeteko ibilbidea egin du, eta tartean arlo ezberdinetako egitasmoak izan ditu eskuartean, besteak beste: Familia transmisioan, aholku eta estrategien gida osatu dute haur hezkuntza bitarteko haurrak dituzten familien artean banatzeko; kirolean, 16 urteko haur eta gazteekin lan egiten duten kirol klubetan euskeraren erabilera neurtzeko diagnostikoa egin dute; hezkuntzan, jatorria atzerrian duten 12 eta 26 urte arteko gazteentzako jarduerak antolatu ziren udan Gaztelekuarekin batera; merkataritzan, 'Euskaraz barra-barra' identifikagarria jarri zuten 14 establezimenduetan.

Gaur gaurkoz, Hernaniko elkarte eta erakunde hauek osatzen dute Euskararen Kontseilua: Udalak, Dobera Euskara Elkarteak, UEMAK, Hernaniko AEK-k, AMHER-ek, Berriak elkarteak, herriko ikastetxeek (Aratz ikastolak eta Txirrita eskolak ordezkatuta), Kaxkardi aisialdi taldeak eta herriko kirol elkarteek (igeriketa eta eskubaloi taldeek ordezkatuta).

 

Aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

2025erako 22 egitasmo onartu ditu dagoeneko Kontseiluak. Horietako batzuk 2024an abiarazitako egitasmoen jarraipena izango dira, eta beste batzuk berriak.

Kirolari dagokionez, 16 urtez azpiko haur eta gazteekin aritzen diren klubetan euskeraren erabilera areagotzeko planak adostuko dira. Hezkuntza, euskeraz ondo pasatzeko aisialdiko jarduerak antolatzeko egitasmoa eta atzerritik iristen diren 12 urtez beherako haurren udalekuetan parte hartzeko programa jarriko dira martxan. Familiaren inguruan, AEK-k Gurasolagun jarriko du martxan. Azkenik, merkataritzan, atzerrian jatorria dute n merkatariei eskolak eskainiko zaizkie euren establezimenduetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!