Oso egun berezia izan zen atzokoa, erremontearentzat: bere kirol ibilbideari bukaera emango diola iragarri zuen Javier Urriza iruindarrak. Ez zuen kasualitatez aukeratu atzoko eguna, agurra iragartzeko: 2007ko urtarrilaren 27an egin zuen debuta erremontista gisa, Iruñeko Euskal Jai Berrin. 18 urteren ondoren, erremontea utziko du, azken hamarkada luzeko espezialistarik onena izan denak.
«Erabaki zaila izan da, baina ziur nago momentu egokian hartu dudala. Zoragarria izan da ibilbidea honaino», nabarmendu zuen Urrizak.
Ez du berehalakoan utziko, dena den; beste 11 partidu jokatuko ditu gutxienez. Izan ere, Sagardoaren Txapelketan ariko da datozen hilabeteetan, eta horixe izango du bere azkeneko torneoa: «Erremontearen esentzia ondoen islatzen duen txapelketa da niretzat, eta polita izango da horrekin agurtzea». Horren ondoren, ekainaren 28an utziko du erremontea, jaialdi berezi batekin, Galarretan. Tartean, beste despedida bat ere izango du, bere jaioterrian: Iruñeko Labriten jokatuko du apirilaren 11n.
«Azkeneko partidu horiez gozatzeko gogotsu», bere ibilbideari errepasoa egin zion Urrizak atzokoan: «2006an palaz ari nintzen, Mundialerako plaza lortzeko prestatzen. Eta orduan, ezusteko dei bat jaso nuen, erremontea probatzea proposatuz. Ez nuen batere garbi ikusi, baina nire prestatzaileak, Xabi Arzelusek, esan zidan aukera ona izan zitekeela. Hainbat probaren ondoren, erremontera salto egitea erabaki nuen. Ia esperientziarik gabe debutatu nuen, hobetzen joateko gogoz. Momentu zailak ere izan dira, baina sekula imajinatuko ez nituen lorpenak izan ditut ordutik. Altxorrik haundiena, ordea, bizitako momentuak izan dira. Arrasto ahaztezina utzi du erremonteak nigan».
Hori horrela, adierazi zuen «lortutakoarekin harrituta, pozik eta oso eskertuta» utziko duela erremontea. Jende askorekin gogoratu zen iruindarra, eskerrak emateko garaian: Oriamendirekin, erremontistekin, prestatzaileekin, zaleekin, familiarekin... Bereziki hunkitu zen bere senideen babesa gogoratzean.
Joxe Mari Barrenetxeak ere hartu zuen hitza agerraldian, eta Urrizaren kirol bizitza goraipatu zuen: «30 txapel lortu ditu goi-mailako txapelketetan. Dohain bereziak behar dira horretarako. Kantxa barruan, fisikoki atleta, profesional bikaina, taktika lantzen oso ona, borrokalaria eta bikotearen onena ateratzeko gai. Kantxatik kanpo, berriz, gizon apala, zentzuduna, arduratsua eta errespetu haundikoa. Arratsalde bikainak pasa ditugu Javi jokatzen ikusiz, eta eskerrak eman nahi dizkiogu bere kirol bizitza erremonteari eskaini izanagatik».
Sarrerak salgai, Urrizaren partidu guztietarako
Urrizak jokatuko dituen 11 partidu horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta bonoa ere jarri dute eskuragarri. Gainera, javierurriza.com webgunea sortu dute, iruindarraren ibilbideari eskainitakoa.