Barrenetxeak ezin izan zuen Ansa menderatu, eta Azpirozekin jokatu beharko du finalerako txartela

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 00:00

Partidu ederra jokatu zuten Barrenetxeak eta Ansak, peloteoan lehia bizia erakutsita. Argazkia: Maialen Andres

Hernaniarrak 21-30 galdu zuen urnietarraren kontra, partidu ona jokatu arren. Hori horrela, Ansak lortu du Masters Txapelketaren finalerako aurreneko txartela, eta Endika Barrenetxearen eta Xabier Azpirozen arteko partidua irabazten duenak eskuratuko du bigarrena.

Maila onean ekin zion Endika Barrenetxea hernaniarrak, larunbatean, Masters Txapelketako ligaxkari. Baina ezin izan zuen garaipena lortu, kontrario gogorra topatu baitzuen aurrean: sasoi puntu betean dago Imanol Ansa urnietarra, eta berak lortu du finalerako aurreneko txartela. 21-30 galdu zuen Barrenetxeak, partidu ona jokatu arren.

Lehia bizia izan zen, iazko Buruz Buruko Txapelketaren bi finalisten artean. Tanto biziak eta ikusgarriak jokatu zituzten peloteoan, eta parekotasun haundia izan zen bien artean. Sakearen bitartez lortu zuen abantaila Ansak, izatez hernaniarra hobeto moldatzen den arren. Urnietarrak 10 tanto lortu zituen sakez, eta falta bakarra egin zuen. Barrenetxeak, aldiz, lau tanto besterik ez zituen egin aurreneko pelotakadaren bitartez, eta bi saketan egin zuen huts.

Partiduaren hasieran, hernaniarrak hartu zuen aurrea markagailuan (5-3). Buelta eman zion Ansak (5-7), eta berriro aurreratu zen Barrenetxea (8-7), baina abantaila arriskutsua lortu zuen urnietarrak segidan (8-12). Orduan, bederatzigarren tantoa lortzearekin batera, tiroi bat nabaritu zuen hernaniarrak bikian, eta ez zen kasualitatea: aste osoa eman zuen gihar horretan arazoak zituela. Edonola ere, indarberrituta bueltatu zen aldageletatik, eta 11-12 gerturatu zen. Hortik aurrera, tarte txikiak zabaldu zituen Ansak etengabe, baina erabat ihes egin gabe. 17-21ekoaren ondoren, ordea, erritmoa bizitu eta partidua bere aldera eraman zuen urnietarrak (18-24 eta 20-28).

Horrekin, bi partidutan bigarren garaipena pilatu zuen Ansak semifinaletako ligaxkan, eta finalerako aurreneko txartela ziurtatu. Bigarrena, Barrenetxearen eta Xabier Azpirozen arteko partidua irabazten duenak lortuko du.

Datorren larunbatean jokatuko dute hori, arratsaldeko 15:15etan hasita Galarretan. Une honetan punturik gabe dago hernaniarra, eta puntu negatibo batekin uitziarra; baina horrek ez du eraginik izango: garaipenaren lau puntuak lortzen dituenak jokatuko du finala, otsailaren 8an, Ansaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!