62garren edizioa izango du aurtengoa, Boloniako Haur Literatura Feriak. Martxoaren 31tik apirilaren 3ra egingo dute, haur literaturan erreferentea den azoka; baina bi hilabete pasatxo lehenago, ilustratzaile hernaniar baten izena agertu da bere zerrendetako batean: finalista izan da Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi', ilustratzaileen erakusketan parte hartzeko.
Denera, mundu osoko 4.374 ilustratzailek aurkeztu dituzte bere lanak (21.870 lan guztira). Eta horietatik, 324 finalista aukeratu zituen nazioarteko epaimahaiak. Horien artean zegoen 'Axpi' bera, eta sorpresa polita jaso zuen. Zerrenda horretatik, azkenean 77 artista hautatu zituzten, erakusketan parte hartuko dutenak: «Ez naute aukeratu azkeneko erakusketa horretarako, baina oso pozik nago finalista izatearekin. Ez da batere erraza hori lortzea, mundu osoko 4.000 artista baino gehiagoren artean. Feria hau erreferentea da Europa eta mundu mailan haur literaturan, eta berri ederra izan da niretzat», adierazi du hernaniarrak.
Munduko 89 herrialdetako ilustratzaileak ageri ziren hasierako zerrendan, eta mapa zabala da finalistena ere. Horietatik lau dira euskal herritarrak, eta 'Axpi' da gipuzkoar bakarra, 324 finalisten zerrenda horretan.