Igoera fasea jokatuko du Hernanik, Gasteizen lanak bikain osatuta

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 27a, 00:00

Pozik bueltatu ziren hernaniarrak Gasteiztik, helburua beteta.

Trikoloreak 5-56 nagusitu ziren Gaztediren kontra, eta igoera faseko bederatzi taldeen artean izango dira.

Bere esku zeukan aurreneko helburua Hernanik, eta ez zuen hutsik egin Gasteizen: 5-56 irabazi zuen atzo Gaztediren kontra, garaipena eta erasoko bonusa lortuta; eta igoera fasea jokatzeko sailkatu da, A multzoko hirugarren postuan, Getxori aurrea hartuta.

Trikoloreek bikain osatu zuten bere lana Gamarran. Erasoko bonusa nahitaez lortu beharrak ez zituen urduritu, eta bere jokoa egin zuten hasieratik: pazientziaz aritu ziren erasoan, jokaldi bakoitza luzatuz, erritmoa bizitu eta entsaioaren bila jotzeko une egokiena aurkitu arte. Edonola ere, apenas behar izan zituen bi minutu aurreneko entsaioa egiteko, Beñat Arizetak baloia marraren ondoan lapurtu ondoren. Eta ordu erdia betetzerako, lau entsaio zeuzkan bere kontuan Hernanik, Peru Burugainek, German Lecubek eta Jon Ander Zapiainek lortutakoekin. Atsedenaldiaren aurretik, gainera, bosgarrena lortu zuen Beñat Iradik, eta 0-35eko emaitzarekin joan ziren aldageletara, konbertsio guzti-guztiak gauzatu baitzituen Arizetak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, ordu laurdeneko tartean, beste hiru entsaio lortu zituzten trikoloreek: Jokin Oleak bi, eta Peru Burugainek bestea. Konbertsio horiek ere Arizetak gauzatuta, 0-56ko emaitzak erabakita utzi zuen partidua, Gaztedik segidan egindako entsaio bakarra gorabehera (5-56).

Igoera faseko zortzi kontrarioak, erabakita

Atzo bukatu ziren lehenengo faseko partiduak, Ohorezko B Mailako beste bi multzoetan ere. Hori ho­­rrela, dagoeneko erabakita dau­de Hernaniren zortzi kontrario­ak, igoera faserako.

A multzoan, Gernikak eta Pasek Belenosek lortu dute pasea, Hernanirekin batera. B multzoan, berriz, L'Hospitalet, Sant Cugat eta Valencia RC taldeek egin dute aurrera, oso sailkapen estuan. Eta C multzotik, Liceo Francesek, Las Rozasek eta Cisnerosek jokatuko dute igoera fasea.

Egutegia zehaztu gabe dago oraindik, bigarren fase honetarako; baina kontrario bakoitzaren aurka behin jokatu beharko du Hernanik, igoera lortzeko borroka horretan.

Bere multzoko hirugarren izan arren, badaukate oso baikor izateko motiborik trikoloreek. 11 partidutik bederatzi irabazi di­tuzte, eta soilik bi galdu: bata li­garen hasiera-hasieran, Getxo­rekin; eta bestea Gernikaren kon­tra, oso partidu estuan. Kontuak hutsetik hasiko dira orain, eta edonori irabazteko gai dira hernaniarrak, orain arte erakutsi duten joko maila onarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!