«Garrantzitsua da jendeak jakitea zabalik daudela Bidea Herritar Taldeko ateak». Hausnarketa horrekin hasi dute hizketaldia Axel Azpiolea eta Lide Iraola Bidea Herritar Taldeko kideek. Ostegun honetan egingo dute urteko batzarra, arratsaldeko 18:30etan, Burujabetzen Etxean. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbidapena.
Ostegunean egingo duzue urteko batzarra. Zer moduz dago Bidea taldea?
Esango genuke ez dela izan eferbeszentzia haundia sortu duen proiektua, xuabe-xuabe ari da aurrera egiten, baina momentu txarragoak pasa ditugu. Hasieran inplikatutako jendea berriro itzultzen ari da taldera, eta sentsazioa da ilusioa eta prestutasuna ere berritu direla azken boladan. Horixe da jarraitu nahi dugun bidea; azkenean, honek ez du txanpainaren gisako proiektu bat izan behar, gasa bota eta apaltzen dena. Iraunkorra izan dadin, beharrezkoa da oinarriak ondo finkatzea eta pausoz pauso aurrera egitea.
Egia da beti nahi dugula gehiago, eta zaila dela dagoenarekin konformatzea, baina ez da erraza. Argi daukagu, aldaketa etorriko bada behintzat, herritarren erpinetik etorriko dela. Hala ere, sistema oso baten aurka ari gara, korrontearen aurka goaz, eta horrek zailtzen du dena. Askotan hitz egin izan dugu elkarlanerako bideak bilatzen jarraitu behar dugula, orokorrean jendeak baduelako aldeko iritzia eta gauzak egiteko gogoa.
Azkenaldian herriko problematika askotan inplikatu zarete.
Bai, hala da. Askotan errealitateak berak jartzen dizkizu auzi horiek parean, eta gure filosofia da denon artean egoera aldatzea. Adibide asko dauzkagu mahaigainean; batzuk aipatzeagatik, etxebizitzaren auziak herritar askori eragiten dio zuzen-zuzenean, eolikoen gaia ere gainera etorri zaigu, jangeletako arazoekin ere lanketa egin behar izan genuen... Bidea taldea horietan inplikatzen da, jakinda egunerokoan eragiten duten gai horiek oso konponbide zaila dutela, gai korapilatsuak direlako gehienak. Horregatik diogu geroz eta jende gehiago inplikatzeak lagunduko digula egoera horiei errazago aurre egiten.
Nabarmena da gai jakin batzuk ukitzen direnean herriak erantzuten duela. Eolikoei buruzko eztabaidan jende asko elkartu zen.
Argi dago. Gai horiek, gainera, herritik harago doazenak dira. Gure aspirazio bakarra ez da Hernanin burujabetza kotak haundiagoak izatea, Euskal Herri mailan ere burujabeagoak izan nahi dugu. Eolikoen kasuan, badakigu nortzuk dauden horrelako makroproiektuen atzean, eta horren aurrean normala da herrian kezka sortzea. Hortik aurrera, guk planteatu nahi genuen ondorengo galdera: 'Zein da nahi dugun herria?'. Guk argi daukagu zer den nahi ez duguna, badakigu eolikoak ez ditugula modu horretan nahi, baina garrantzitsua da gai horri buruzko eztabaidarako guneak sortzea.
Batzarrean zer landuko duzue? Zeintzuk dira aurtengo helburuak?
Aurtengo helburua da jendea benetan erakartzea eta jarraikortasuna izatea. Aurreko urtean jende asko elkartu ginen batzarrean, baina urtean zehar mantentzea kosta egin zaigu. Hamabi lagun inguru elkartu ohi gara urtean zehar, baina 20.000 biztanleko herri batean bizi gara. Ideiak jasotzeko eremu naturala da batzarra, eta jendeari eskatzen diogu hurbiltzea eta iritzia ematea, jakinda taldeak parte hartzeko modu ezberdinak eskaintzen dituela.
Horrez gain, transparentzia ariketa ere bada batzarra. Erakutsi nahi dugu zer den urtean zehar egiten duguna, nola funtzionatzen duen taldeak, zer garen... Lehenengo azalpenean kosta egiten da dena ulertzea, baina urtero errepikatuta jendeak errazago barneratzen du.
Ezagutza falta horrekin bukatu nahiko genuke. Adibide argi bat da Auzo Birarena, guretzat funtsezko egitasmoa delako. Auzoetan dauden beharren eta Hernani Burujabek dituen baliabideen uztarketa ahalbidetzen du, eta oso interesgarria da guretzat. Bideatik pasa den urtean jarri genuen martxan Auzo Bira, eta denbora honetan auzoetako beharrizan asko detektatzea lortu dugu. Horiek martxan dauzkagun sektoreetatik bideratzen saiatzen gara. Garrantzitsua da herritarrek horrelako baliabideak eskura dituztela jakitea.