Alokairurako dirulaguntzen behin-behineko ebazpena argitaratu du Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 26a, 00:00

Udalaren webgunean eta iragarki taulan dago ikusgai onartutako eta baztertutako eskaeren zerrenda. Epea zabalik dago alegazioak egiteko zein justifikazio dokumentuak aurkezteko.

Ostegunean argitaratu zuen Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntzen behin-behineko ebazpena. Dagoeneko ikusgai dago onartutako eta baztertutako eskaeren zerrenda, udaletxeko iragarki taulan eta Udalaren webgunean (hernani.eus).

Denera, 86 eskaera jaso zituen Udalak, aurreko deialdian baino bost gutxiago; eta horietatik 58k jasoko dute dirulaguntza. Beste 28 eskaerak baztertu egin dituzte, baldintzak ez betetzeagatik edota beste arrazoi batzuengatik. Jasotako eskaeren artean, 29 izan dira gazteenak, eta 57 eskaera 36 urtetik gorakoenak.

10garrenez emango ditu alokairurako dirulaguntzak Udalak, horretarako 210.000 euroko partida gordeta. Horietatik, 135.749 euro banatuko dira aurtengoan, onartutako 58 eskaeren artean.

2024ko urtarriletik abendura bitarteko alokairu gastuak lagunduko dituzte diruz, eta laguntza jasoko duten eskatzaileek, dagoeneko aurkeztu ditzakete justifikazio dokumentuak, otsailaren 24ra arte. Gainera, behin-behineko ebazpenari alegazioak aurkezteko epea ere zabalik dago, otsailaren 6ra arte.

Floridako hiru etxebizitza alokairu sozialean eskuratzeko, izenematea asteazkenera arte

Hernaniko Udalak gogorarazi du, bestalde, urtarrilaren 29ra arte dagoela izenemate epea zabalik, Floridako 25B zenbakian dauzkan babes ofizialeko hiru etxebizitza eskuratzeko, alokairu sozialean. Bi gelakoak dira etxebizitza guztiak, eta horietako bat egokitua da.

70 urte edo gehiagoko kideren bat duten bizikidetza unitateei zuzenduta daude, eta etxebizitza egokituaren kasuan, mugikortasun urri iraunkorra duen kideren bat dutenei. Gehienez ere lau kideko bizikidetza unitateak izan daitezke.

Hiru etxebizitzak esleitzeko prozesuan parte hartu nahi dutenek, asteazkenera arte eman dezakete izena, hernani.eus webgunean edota udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Bide horietatik eskuratu daitezke oinarriak eta eskaera orriak ere. Eskaera orria ezberdina da etxebizitza mota bakoitzerako, eta beraz, kasu bakoitzari dagokiona aurkeztu behar da, oinarrietan zehaztutako dokumentazioarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!