Kontzertua izango da gaur eguerdian Milagrosa kaperan, baina ez da ohiko moldekoa izango. Ahots hutsez ariko dira bost artista, horixe baitute boskotearen izena bera ere: Ahots Hutsez taldea da emanaldi berezia eskainiko duena, 12:30etan hasita.
Euskal Herriko punta ezberdinetakoak dira taldeko kideak; horietako bat, hernaniarra: Ander Barrenetxea. Harekin batera ariko dira Pantxix Bidart eta Marie Hirigoyen lapurtarrak, Hazparnekoak; Claudine Arhantcet zuberotarra, Lexantzükoa; eta Ibon R. G. bizkaitarra, Sestaokoa.
2022an sortu zuten taldea, eta Hernanin jarri zuten hazia, pixka bat lehenago: polifoniari buruzko tailer bat eskaini zuten bertan bi lapurtarrek, zuberotarrak eta bizkaitarrak. «Oso gustura aritu ziren tailerrean, eta bururatu zitzaien horri jarraipena ematea», azaldu dio Ander Barrenetxeak Kronikari: «Horregatik sortu zuten taldea, eta haiei batu nintzaien ni».
Elkarrengandik hain urrunekoak izanda, «ez da erraza entsaiatzeko elkartzea»; baina, hala ere, «sorkuntza propiokoak» dira eskaintzen dituzten pieza gehienak: «Kantu georgiar batekin hasi ohi dugu emanaldia, Hernaniko tailer hartan landu zutena. Eta ondoren, gure pieza propioak dira denak, Oskorriren 'Nafarroa' izan ezik. Poemak, kantu herrikoiak... Denetik eskaintzen dugu», dio hernaniarrak.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, bertaratu eta kontzertu polifonikoaz gozatu nahi duten guztientzat.