«Haurdunaldian eta erditzeondoan sortzen diren kezka eta beldurrak elkarbanatzeko espazio segurua da»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

Orain 16 urte antolatu zuten lehen aldiz haurdunaldia eta erditzeondoa bizi eta partekatzeko tailerra, eta otsailaren 12an hasiko da aurtegon edizioa. Tailerraren inguruan hitz egin du Kronikak Irantzu Jauregi Hernaniko Kulturartekotasun eta Berdintasun teknikaria eta Josune Martirena psikologoa eta tailerraren dinamizatzailearekin.

 

Nondik sortzen da tailerra antolatzeko beharra?

Irantzu Jauregi: Tailer hau lehen aldiz orain dela 16 urte antolatu genuen. Gaur egun,  haurdunaldiaz eta erditzeondoaz ari direnak gehiago badira ere, orain dela 16 urte ez zegoen haurdunaldiak sortzen dituen kezkak eta beldurrak elkarbanatzeko espaziorik. Udaletik garbi ikusi genuen interesgarria zela gai hauek lantzeko publikoa eta irisgarria izango zen espazio bat sortzea, adituekin elkarbanatzeko balioko zuena ere. Osakidetzan bazegoen haurdunaldia prestatzeko eskaintza bat, baina erditzearen momentuaz jarduten zuten gehienbat, eta noski, amei bakarrik zuzendua zegoen. Guk, ordea, haurdunaldia era zabalgoan ulertzen genuen. 

Josune Martirena: Lehendabiziko urtean nik dinamizatu nuen tailerra, eta ondoren batu zen Marijo Artola, gorputzaren alderdiaz jakitunagoa baitzen. Biok batera tailerra hobeto osatzen genuela konturatu ginen.

Helburua anatomiari eta garapenari buruzko informazioa ematea dela aipatu duzue

J.M: Marijo Artola arduratzen da anatomiaren arloaz, nirekin batera dinamizazio lanak egiten ditu berak ere. Berak arnasketarekin konektatzearen garrantzia azaltzen du. Arnasketa diafragmarekin dago konektatuta, eta diafragmak bizipenekin, gorputz formarekin eta, oro har, gorputzeko atal gehienekin du lotura. Ez da kasualitatea gorputz forma ezberdinak egotea, guztiz lotuta baitago pertsona bakoitzak bizipenak gestionatzeko duen moduarekin. Momentu horretan sartzen da nire lana. Egoera ezberdinak kudeatzeko tresnak eskaintzen saiatzen naiz. 

Saioetan bidelagunek ere hartzen dute parte. Zeintzuk dira figura hauek?

I.J: Figura nahiko anitza da bidelagunarena. Izan daiteke umearen ama, umearen beste ama, laguna edota amona. Baina pozesuan oso gertu egongo den pertsona izan behar du, bestela ez du zentzurik. Gehienetan amei bideratuta diseinatu izan dira gai hauen inguruko jarduerak, guri, ordea, garrantzitsua iruditzen zitzaigun ulertzea ez dela amak bakarrik bizi behar duen prozesu bat. Ahalegina egin behar zela beste figura batzuk ere prozesu honetan parte hartu dezaten. Ez baita amaren bizitza bakarrik aldatzen, baita ingurukoena ere. Bestalde, bidelaguna erditze ondorengo unean ez ezik, prozesu osoan presente egotea ere garrantzitsua da, amak hain ohikoa den bakardade hori sentitu ez dezan. 

J.M: Taldeko dinamikak horretan laguntzen du hain zuen ere, bakardade sentimendu hori apurtzeko. Norberaren bizipen horiek beste batzuek ere bizitzen dituztela ikusteko. Sare bat sortzen da, elkar sostengatzen duena. Honek jarraipen bat edukitzean dago gakoa, bakardadea denboran asko luzatzen baita, baita erditu ondoren ere.  

Nolakoak izaten dira saioak?

J.M: Guretzat garrantzitsuena zaintza da, taldeko partaide guztien zaintza, eta hortik abiatzen gara. Helduen zaintza horretatik abiatuta umekia ere zaindua dagoelako. Ondoren gai ezberdinak jorratzen ditugu, tailerrak irauten duen denboran. 

Normalean, saio bakoitzean tarte bat eskaintzen diogu norbera nola dagoen azaltzeari. Gai bat jorratzen dugu eta horrekin lotutako dinamikak sortzen ditugu. Tarte hori egindakoan, gorputz lanketa egitera pasatzen gara. Aitzitik, ordena hori izaten bada ere, landu nahi dugunak bizipenekin lotura zuzena badu, eta zuzenean bizipenetara joatea bilatu nahi badugu, gorputza lantzen dugu aurrena. Gorputza mugituz bigunago eta askeago sentitzen gara eta errazagoa da bizipenetara iristea. 

Bateragarriak dira amaren beharrak eta umearenak uztartzea?

I.J: Azken urteotan hitz egin da amatasun feministaren inguruan, baina tailerra sortu zenean bazgoen gatazka amaren beharrei erantzutea eta haurraren beharretara egotea bateraezinak zirenaren ideiarekin. Feminismoaren bilakaeran momentu ezberdinak eta diskurtso ezberdinak egon badira ere, hau antolatzen dugunok uste dugu amaren beharrei arreta jartzea ez dela haurraren beharrak albo batera uztea, hau da, bateragarriak direla. 

J.M: Bagentozen amatasunaren bizipen sakrifikatu batetik, eta nik uste dut, orduko feminismoak horren aurrean egiten zuela bere lanketa; emakumeak ez zuela zergatik sakrifikatu behar bere bide profesionala, denbora edota zaintza. Urte hauetan egin den lan honengatik, sakrifikatua izan beharrean, beste modu batekoa izan daitekeela ikusi dugu. Ez dela haurren beharrak albo batera utzi eta amarenak soilik lantzea, baizik eta denen beharrak kontuan hartzea. 

Idealizatuta dago haurdunaldia?

J.M: Idealizazioa ere lantzen dugu tailerrean. Zein itxaropen dituen bakoitzak bere buruarekiko, familiarekiko, bidean dagoen haur horrekiko. Itxaropenak egon badaude. Bakoitza dator haurdunaldiaren, erditzearen eta erditze ondorenaren ideia batzuekin, kontzienteki edo inkontzienteki. Nahiz eta ez beti, askotan pasa ohi da haurdunaldiko lehenbiziko hiruhilekoan gorputzaldi txarra edukitzea. Egokitze fase horretan, batzuentzako aldaketa oso bat-batekoa da gorputz sentsazioekiko. Honi, fisikoki ematen diren aldaketak gehitu behar zaizkio, batzuek gustura hartzen dituzte aldaketa fisiko hauek, beste batzuek, ordea, itsusi ikusten dute euren burua; hemen borroka bat sortzen da amaren barruan. Baina badira ez alde batera ezta bestera egiten dutenak ere, itxurari dagokionez. 

I.J: Oso haurdunaldi ezberdinak daude eta bakoitzak bizitzeko bere modua du. Tailer hau horretarako espazioa ere bada, egiten duzun ideia elkarbanatu eta esateko 'jo ba hau ez da nik espero nuena'. 

Talde mota askorekin egingo zenuten topo, orokorrean nolakoak dira partekatzen diren esperientziak eta sentsazioak?

J.M: Tailerrean haur bat zer izan daitekeen ikustera hurbiltzen gara. Gaur egun oso bananduta daude espaziok, badago haurrekin harremana izan ez dutenak eta haur bat zer den jakiteko informaziorik ez dutenak. Lehenbiziko aldia deskubrimendu bat izaten da askorentzat. Bestalde,  emakumeen kasuan, haurra barruan eramatearen eraginez, norberaren gaur egungo bizipenek eta haurtzaroan izandakoek nolabaiteko zubi bat eraikitzen dute, eta bizipenak intentsitate gehiagorekin bizitzen dituzte. Prozesuan beldurra, tristura egon litezke, baina baita poza ere. Finean, irekitze bat ematen da barrura eta kanpora begira. 

Haurdunaldiaz gain, erditzeondoak ere badu lekua tailerrean

J.M: Erditzeondoari ere tarte haundia eskaintzen diogu. Erditze ondorenean ematen diren dinamika aldaketez aritzen gara, haunditu berria den familian dena berkokatu beharra dagoelako. Bestalde, bizipenak ere aldatu egiten direlako. Haurdunaldian bizipen batzuk egon litezke, erditu eta gero beste batzuk.  Haurraren beharrak zein diren jakitean ere jartzen dugu arreta, 'haurra besotan gehiegi hartze txarra dela' bezalako usteak ere badaudelako erditze ondorenarekin lotuak. 

Otsailaren 12an lehen eguna

I.J: Bai, otsailaren 12tik ekainaren 18ra bitarte izango da tailerra, asteazken arratsaldetan 17:30etatik 19:30etara. Kulturarteko Plaza Feministan egingo da eta 12 astetik aurrerako haurdunaldian egotea da baldintza bakarra. Tailerrak 35 euro balio ditu eta euskeraz izango da. Izena emateko aukera ezberdinak daude, aurrez-aurre Kulturarteko Plaza Feministan, 943 33 70 17 telefono zenbakira deituta edota www.hernani.eus helbidera idatzita. Urtarrilaren 31 izango da apuntatzeko azken eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!