«Zapata haundiak jantzita edukiko ditut hemendik hamar urtera ere, hori ziur»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

Markel Oiarzabal ezkutatzen da Zapotxin pailazo ezagunaren atzean. Bailarako haurrak txundituta ditu hernaniarrak 24 urterekin eta hamaika saltsetan ibili ondoren, bere azken lana aurkeztuko du otsailaren 1ean Hernanin: Baratxuri zoparen sekretua!, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Sarrerak salgai daude dobera.eus/zapotxin helbidean.

 

Zerk eraman zaitu pailazo izatera?

Nik esango nuke pailazo izatearen hori barrutik daramadala txikitatik, denok dugu gure pailazoa barruan. Gurasoei eta lagunei halaxe esaten nien, haunditzen nintzenean pailazo izango nintzela. Etxean beti nenbilen nire saltxan, mozorrotzen, antzezten, kantatzen... eta azkenean Zapotxin jaio zen. Orain, hazten eta hezten ari da.

Aspalditik zoaz kulturan sortzen, liburuak eta diskoak kaleratu dituzu. Nondik sortzen da guzti hau?

Niri istorioak kontatzea gustatzen zait gehienbat, hamaika motatakoak, Euskal Herrikoak zein mundu osotik datozenak. Istorio horietako bakoitzak gozatzeko modu bat eskaintzen du niretzat. Batzuetan liburu bezala osatu ditut istorioak, beste batzuetan musikaren bidez; bestetan bideo batez eta azkenekoan antzerki lana atera da. Istorioak berak eskatzen duen formatua eskaintzen saiatzen naiz. Dena den, antzerkian topatu dut nire gune segurua, istorioak kontatzeko bide politena bilakatu da niretzat. 

Zapotxin sortze prozesu guzti horren ondorioa izan da?

Nik esango nuke baietz. Izenik gabe eta itxurarik gabe ere zapotxin beti egon da nire barruan. Pixkanaka sortzen joan da, itxura eman genion, izena ere jarri genion, eta horrela sortu zen. Gaur egungo Zapotxin bide luze batetik datorren pertsonaia da. 

Pailazo bezala, ardura haundia sentitzen duzu?

Nik argi ikusten dut gaur egungo haurtxoentzako ispilu bat garela eta hori kontuan dugu beti. Izan ere, erreferente gara gu ikustera datozen haur guztientzako eta horregatik garrantzitsua da antzerkian eta oholtzan, elkarrizketan zein muxuak banatzerakoan baloreak transmititzea. Lan hori beti dugu presente. Istorioak lantzerako garaian balore pedagogikoak erabiltzen ditugu, eta horiek dira kontakizunaren zutabeak: zer landu, zeri eman pisua, zeri kendu pisua, nola esan, nola entzun... Nolabait Katxiporreta taldeak Euskal Herriko pailazogintza berreraiki zuen eta gaur egun horretan dihardute; beraiek sortutako baloreetan oinarritutako pailazogintzari eman nahi diot jarraipena. 

Gogoratzen zara lehen emanaldiaz? 

Ondo gogoratzen dut Zapotxin oholtzara antzeztera igo zen lehen eguna. Hernanin izan zen, Biterin gainera, Dobera Euskara Elkartearen eskutik antolatu genuen emanaldi batean. Aldageletan urduri xamar nengoen, barrenak mugituta nituen erabat. Baina urduritasuna sentimendu naturala denez, aurrera egin genuen. Publikoaren artetik atera nintzen eta aurrena kuadrilakoak ikusi nituen, gero lankideak, gero familiak eta horiek denak ikusterakoan sekulako babesa sentitu nuen. Zoragarri joan zen antzerkia.

Otsailak 1eko emanaldian pertsonaia berriak aurkeztuko dituzu

Zortez, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagautu ditugu aurten eta pixkanaka konfiantza hartzen joan gara lanbide honetan. Berritik ere badu otsailaren 1ean aurkeztuko dugun antzezlanak, izan ere, pertsonaia berri asko edukiko ditugu oholtza gainera: Maripanpalona sorgina, Kroketa Koketa sukaldaria, Xerafino Bonbardino orkestra zuzendaria eta Amona Badalona AEKn apuntatu den amona maitagarria. Lagun guzti hauek berriak dira oholtzan, beraz, urduritasuna ere nabaritzen dugu. Formatu eta ekoizpen aldetik ere, aurrerapausak ematen saiatu gara eta publikoari gustatzea espero dugu.

Zapotxin sortzeko prozesuan jende gehiago izan duzu alboan?

Noski, Zapotxin bakarra bada ere, asko aritzen dira oholtza atzealdean: Libe, Aitor, Boni, Mirari, Manex eta beste zenbaitek ere osatzen dugu Zapotxinen taldea. Guk beti esan izan dugu 0tik hasi ginela, baina hau ez da guztiz horrela. Familia eta lagunak beti izan ditut inguruan laguntzeko prest eta hori dagoeneko ez da 0tik hastea. Zortez, laguntzeko prest ditudan musikariak ditut alboan, baita letragile aparta ere, Iker Ormazabal 'Tturko'. Azkenean familian eta lagunartean sortu den proiektua izan da eta balibideak bertatik sortu ditugu. Eta ilustratzailea, jostuna, kamera teknikaria, zeinu hizkuntza interpretea... guztien ekarpenak du garrantzia azken emaitza lortzerakoan, hauengatik ez balitz Zapotxin ez litzake Zapotxin.

Pailazoa izateak zenbatetik du hobbyaz eta zenbatetik lanaz?

Hasieran amets bat bezala zen niretzat, beti nuen mozorrotzeko ohitura, sudur gorria janztekoa eta trapu zaharrekin ibiltzeko gogoa. Pixkanaka oholtza gainera igotzera hausnartu nintzen. Gero, bidea egiten joan gara, taldea ere haundituz doa eta beste ardura batzuk ere hartu ditugu gure gain. Gure publikoa ere haunditu da eta geroz eta jende gehiagorengana iristen ari gara, beraz, erantzukizun horrekin jardutea tokatzen zaigu orain, eta horretan gabiltza. Aitzitik, lanetik ere hartu du hobbya zen horrek. Hala ere, inoiz ez dut ahaztuko nire barruan egon dela beti Zapotxin.

Izan duzu erreferenterik?

Gaur egun zortea dugu, sekulako saretzea egin dugulako pailazoon artean. Belaunaldi berriak indartsu gatoz. Zenbait lagun egin ditut orain arteko bidean, baina beti alboan izan ditut Pirritx, Porrotx eta Marimotots.  Beraiekin elkartzea sekulako eskola izan da niretzako, Joxe Mari (Porrotx) beti egon da niri laguntzeko prest, eta hori bihotzez eskertu dut. Bera izan da pailazogintzaren benetako eskola: jaso, ikasi eta ikusi. Argi dut beraiek direla nire erreferenteak eta beraiek sortu duten horretatik jarraituko dugula guk ere pausu berriak ematen. 

Non ikusten duzu Zapotxin hemendik 10 urtera?

Batek daki. Duela bi urte atzera eginda ez nuke sekula esango hementxe egongo ginenik. Aurrera begiratzea garrantzitsua den bezala atzera begiratzen dut nik askotan. Batzuetan nahiago izaten dut urrutira gehiegitan ez begiratzea, pausoz pauso, mantso eta natural bideaz gozatzea. Zapata haundiak jantzita edukiko ditut hemendik hamar urtetara ere, hori ziur.

Baratxuri zoparen sekretua! emanaldiarekin ezagutu dugun sorginen munduari ikuspegia aldatu nahi diozula azaldu duzu

Bai, izan ere, taldekideon artean konturatu ginen ezagutzen ditugun sorginen ipuinak ez direla benetako sorginen istorioak. Ez bakarrik mundu osotik kontatu dizkigutenak, Euskal Herrian ere sorginen gainean dugun iruditegia aldrebesa izan da. Hortik sortu zen ideia. Galdera bat mahaigaineratu genuen orduan: nolakoa izango da gaur egungo sorgin bat? Hortik sortu zen Maripanpalona sorgina. Emanaldian berak erakutsiko digu sorgin izaten, berak dakien moduan, eta gure herriko plazan ere zenbait sorgin baditugula erakutsiko dugu: amona, ama, alaba... eta gu euren eskutik helduta sorgin izatera goaz!

Gaur estreinatuko duzue 'Lagun maitea!' bideoklipa

Halaxe da, lehenengo kantuaren bideoklipa plazaratzear da. Oraingoan Astigarragako Xaguxarreko lagunekin batera grabatu dugu. Aurreko ikasturtean eurekin ezagutu genuen Astigarraga eta aurten gurekin dantzan ibili dira. Jatorrak, alaiak, dantzariak eta politak dira Astigarragako gure lagunak. Bihotzetik bihotzera egiten baitugu gure lana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!