Kurtso hasierako erakustaldia izango dute Hernani Gimnastika Kirol Klubeko gimnastek Hernaniko kiroldegian bihar igandean, goizean zehar. Erakustaldia goizeko 11:00etan hasiko da, eta bertan, azken hilabeteetan zehar gimnastek prestatu dituzten dantzak ikusi ahal izango dituzte hurbildutakoek. Bide batez, datorren hilabetean dituzten lehiaketei begira prestatzen lagunduko die, eta irrikaz daude orain arte egindako lana erakusteko.
Adin ezberdinetako gimnastak taldeka pasako dira lur zorutik eta bat baino gehiagok bakarka egingo dituzte ariketak. Soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta erabiliko dituzte dantza, gimnasia, balleta eta kirola uztartzen. Urtero, kiroldegiko harmailak ia beteta izaten dira.
Prestaketa lanak hasi zituzten kurtso hasieran eta konpetizio ofizialak urtean zehar jokatzen dira. Otsailean hasiko dira lehiaketak, baina apirila, maiatza eta ekaina izaten dira txapelketa gehien jokatzen diren hilabeteak. Udako atsedenaldia eta gero ere txapelketa ofizialak izaten dira batez ere urrian eta azaroan.