Lekarozen, Aroztegian, Palacio de Arozteguia SL enpresa sustatzaileak bertan urbanizazioa eraikitzen hasi zen 2021ean. Nafarroako Kontratu publikoen epaitegiak obra horien esleipena deuseztatu zuen, beraz, obrek ez lukete inoiz hasi izan beharko, baina lanak jarraitzen dute.
Lanen kontra jende asko mobilizatu zen eta kanpaldi jendetsua egin zen Aroztegia inguruan, desobedientziaren bidez obra horiek geldiarazteko exijituz. Protesta horien harira, zazpi herritar salatuak izan ziren eta duela gutxi beraien kontrako zigor eskaerak ailegatu dira. Guztira, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko fidantza eskatu du fiskaltzak.
Egoera hori salatzeko Kanika Aisialdi Taldeak, Iruñean, otsailaren 1ean egingo den manifestaziora joateko deia zabaldu du. Kanika Aisialdi Taldetik urteak daramazkite lurraren defentsaren garrantziatik sortzen beraien aisialdi espazioak. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Baztango herritarren aurkako akusazioa salatzea, baita Aroztegiaren proiektua bera ere, lurraren defentsa kriminalizatzeko saiakera bat baino ez baita».
Eskualde mailan Iruñearako autobusa antolatzen ari dira, manifestaziora bertaratu eta amaitzean Hernanira ekarriko dituena. Hortaz, otsailaren 1ean Aroztegiaren aurkako manifestaziora joan nahi duenak, kanika.aisia@gmail.com helbidera idatzi eta bertatik bidaliko dute autobusean izen emateko linka, joango direnen zerrenda osatuz. Ordainketa egunean bertan egingo da, izango direnen arabera prezioa aldatuz.
Epaitegietatik 16:00etan abiatuko da mobilizazioa eta oraingoz 139 erakundek egin dute bat deialdiarekin. Fundazioak adierazi duenez, «hainbat arrazoi ditugu mugimenduarekin bat egiteko».