Bidea Herritar taldeak batzarra egingo du ostegunean Burujabetzen Etxean

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

Datorren ostegunean urtarrilaren 30ean,  18:30etan, Burujabetzen Etxean Bidea Herritar Taldeak batzar orokorra egingo du. Hirugarren urtea da herritarrekin hitzordu hau antolatzen dutela. Bidearen helburuetako bat da sakontasun politikoa eta ikuspegi estrategikoa ematea Hernani Burujaberi. Batzarra alderdi horietan zentratzeko aukera izango da. Hernani Burujaberen baitako eragileak urte osoko planifikazio prozesuan murgilduta daude, eta horrek ahalbidetzen du herritarrei pauso bakoitzean parte hartzeko ateak zabaltzea. Batzarra horren parte ere bada, Bidea Herritar Taldearen gardentasun ariketa bat eta elkarlanean ekiteko bilera. Batzarrean argituko da zertan lanean diharduen herritar taldeak, orain artekoaz zein ondorio atera dituen eta aurrera begirako estrategia zein den. Hurbilduko diren herritarren parte hartzea ere bermatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!