Buruz Buruko finala errepikatuko da gaur Masters Txapelketako ligaxkan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

Gaur hasiko da txapelketa Barrenetxearentzat.

Ansa II eta Barrenetxea IV arituko dira bigarren jardunaldian. 16:30etan hasiko da jaialdia.

 

Masters Txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko dute gaur arratsaldean Galarretan. Zaleek hainbeste itxaron duten partidua iritsi da azkenean, Buruz Buruko finalaren lehenengo errebantxa. Ansa II eta Barrenetxea IV arituko dira aurrez aurre, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. 

Urnietarrak pasa den astean erakutsi zuen ez dagoela brometarako. Sasoi betean dabilen Azpirozi nagusitasunez irabazi zion (30-13), eta jokoan erakutsi zuen espezialista dela buruz burukoan. Hernaniarrarentzat, ordea, txapelketako lehenengo partidua izango da gaurkoa. Fisikoki puntu onean dagoela azpimarratu du azken adierazpenetan, eta gogotsu ekingo dio urteko lehenengo txapelketari. 

Txapelketakoaz gain, bi partidu gehiago izango ditu gaurko jaialdiak. Lehenengoan Irazuk eta Apezetxeak Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka jokatuko dute. Jaialdia ixteko, aldiz, Ezkurra II-Zubiri eta Aldabe-Juanenea bikoteen arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!