Igoera fasera sartzeko txartela ziurtatu nahi du bihar Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

Gogotsu dago taldea urteko lehenengo helburua betetzeko.

Partidu erabakigarria jokatuko dute Gaztediren aurka. 5 puntuak lortuta, sailkatua legoke taldea. 

 

Pasa den igandeko garaipen ikusgarriaren ondoren, denboraldiko lehenengo helburua esku eskura du Hernanik. Gaztediren aurka jokatuko du faseko azken partidua, Gasteizen, bihar eguerdiko 12:30etan. 

Lehenengo hiru sailkatuek lortuko dute igoera fasea jokatzeko txartela, eta une honetan hirugarren postuan dago Hernani. Sailkapena ziurtatzeko, bost puntuak eskuratu behar ditu bihar Gamarran. Hasiera batean, aurreko astekoa baino partidu errazagoa dirudi, baina jokalariek badakite norgehiagoka zaila izango dela. Oraingoan zaleen babesik gabe egin beharko diote aurre Gaztediri. 

Anartz Elosegik nabarmendu du taldea gogotsu eta motibatuta dagoela, are gehiago azken partiduaren ondoren: «Taldea oso motibatuta dago, batez ere Belenosen aurka lortutako emaitzaren ondoren. Kontziente gara partidu zaila izango dela biharkoa, batez ere etxetik kanpo jokatuko dugulako, eta horrek asko zailtzen dituelako gauzak. Badakigu bost puntuak eskuratzen baditugu lehenengo fasean jarri genuen helburua beteta egongo dela, eta horrek asko motibatzen gaitu. Bukaera polit bat eman nahi diogu denboraldiaren lehenengo zatiari. Taldea ondo dago, ez daukagu bajarik, eta dena ematera joango gara».

 

Euskal Ligako taldeak Elorrion jokatuko du gaur

Gainontzeko partiduei dagokienez, Euskal Ligako seniorren txanda izango da gaur. Elorrion arituko da Hernaniko bigarren taldea, ligako liderraren etxean. Hernanik azken bi partiduak galdu ditu, eta bolada txarra eteteko helburuarekin zelairatuko da. 

18 eta 16 urtez azpiko taldeak izango dira asteburuan Landaren jokatuko duten bakarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!