Hernaniko urtarrileko kultur agendaren barruan, gaur, Xabier Zeberio tolosarrak kontzertua eskainiko du Biterin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera 8 euroren truke izango da. Sarrerak online edota Biteriko leihatilan erosi daitezke.
Xabier Zeberioren Pause bakarkako lehen lana entzuteko aukera izango dute Biterin hernaniarrek. Eremu berriak lantzen dituen bederatzi abestiz osaturiko diskoa da Pause, eta tolosarrak dio herri kantak txikitatik gustatu zaizkionez, albumean ere bi txertatu nahi izan dituela.
Aitor Etxeberria izan du lagun lan prozesuan, eta Zeberiok dio berari esker bilatu duela albumak eskaintzen duen eremu berri hori.
Bakarkako lana bada ere, musikari ezberdinez inguratu da. Tartean, Iñar Sastre pianojolea, esate baterako. Baita Alos Quarteteko taldekideak ere, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Ivan Carmona; ondoan izan ditu haiek, Urak dakarrena kantan. Musikari irlandarrek ere hartu dute parte.