Donostiako Aiete Jauregian bildu ziren, 2025eko Oporrak Bakean programaren berri emateko, Saharako Euskadiko Ordezkaritza, programa laguntzen duten udalak, eta ekimen hau posible egiten duten elkarte eta harrera-familietako ordezkariak.
Aurtengo kanpaina martxan jarri berri dute, martxoaren 15era arte. Euskal Autonomia Erkidegora 153 haur saharar etorri ziren 2022an, 183 haur 2023an, eta 188 haur 2024ko udan. Horietatik lau Hernanira, azkeneko urtean. «Ahalik eta ume gehienei eskaini nahi diegu aukera hau, eta honek harrera-familia gehiago lortzeko ahaleginetara garamatza. Izan familietara izan aterpetxeetara, ekin diezaiogun lanari, jakinda lortzen dugun harrera-familia bakoitza izugarri garrantzitsua dela ume hauentzat».
Lau aterpetxe izango dituzte
2025eko udan, harrera-familiez gain, lau aterpetxe ere izango dituzte, hiru Bizkaian eta berri bat Gipuzkoan. Familien garrantziaz gain, aterpetxeek elkar zaintza komunitariotik programa honi egiten dioten ekarpena ere azpimarratu nahi izan zuten ekimenaren aurkezpenean.
Agerraldiaren bidez, euskal herritar guztiei deia luzatu zieten Oporrak Bakean «elkartasun ariketa komunitario eder» honetan parte hartzeko. «Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat etxean har dezagun. Erakunde eta eragile asko ditugu gure alde eta bidelagun, eta ardura izan arren, erabaki hau norbanakoarena den arren, erantzukizuna kolektiboa da. Badugu eskarmentua, eta harrera-familia haundi bat osatzen dugu guztiok. Zu ere konplize izatera gonbidatu nahi zaitugu. Zu ere esperantza-leiho izatera deitzen zaitugu. Zu ere harrera-familia izatera deitzen zaitugu».
'Esperantzari leiho bat', aurtengo leloa eta irudia
Ekimena ere bada esperantza, eta horrexegatik aurtengo kanpainaren leloa eta irudia Esperantzari leiho bat izango da. «Ekimena egingo dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza». Izenematea egin daiteke Kulturarteko Plaza Feministan, 943 33 70 17 zenbakian edota lankidetza@hernani.eus helbidean.