Hernanik ezin hobeto hasi du Gipuzkoako Batel Liga. Pasa den larunbatean Pasai San Pedron jokatu zen bigarren jardunaldia, eta bertan neska jubenilek denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu zuten. Horri esker, gainera, lehenengo postura igo dira sailkapen nagusian. 38 ehuneneko aldearekin gainditu zuten Tolosaldea, eta 20 punturekin aurreneko postuan kokatu dira, puntu bateko aldearekin, San Juan A eta Hibaika A ontziekiko. Tolosaldea bi puntura dago. Beraz, borroka estua espero da lau batel hauen artean, liga osoan zehar.
Promesa mailako neskak, berriz, bigarren postuan sailkatu ziren Pasai San Pedron, Zumaiarengandik 4 segundora, estreinako jardunaldian Errenterian irabazi ondoren. Orduan Hernani A izan zen aurrena eta Zumaia bigarren. Horren ondorioz, bi taldeak aurreneko postuan berdinduta daude, 35 punturekin.
Bosgarren postuarekin hasi dute bere ibilbidea infantilek
Neska infantilak lehenengo aldiz ureratu ziren larunbatean Pasai San Pedron, eta ongi hasi dute euren ibilbidea. Bosgarren sailkatu ziren, Mutriku A irabazlearengandik 22 segundura. Oraindik ere hobetzeko asko dute. Laugarren ontzi hernaniar batek ere parte hartu zuen San Pedron. Promesa mailako mutiletan batel mixtoa osatu zuten neskek eta mutilek, eta zazpigarren postuan sailkatu ziren. Hala ere, batel honek ez du sailkapen nagusirako punturik batzen.
Beste mailetan Hernanik ez zuen batelik uretaratu San Pedron. Asteburu honetan, larunbatean, Orion jokatuko da Gipuzkoako Batel Ligako hirugarren jardunaldia, eta bertan izango dira hernaniarrak, ahalik eta emaitza onenak lortzeko asmotan. Seniorrak traineruko aurredenboraldian daude murgilduta, eta ez dute batelik ureratu.