'No estás sola: la lucha contra La Manada' dokumentala eta solasaldia izango dira etzi

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 22a, 00:00

'No estás sola' dokumentalaren irudi promozionala.

Kulturarteko Plaza Feministan eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, 2016ko San Ferminetako sexu-indarkeriari buruzko filma.

Kulturarteko Plaza Feministan No estás sola: la lucha contra La Manada dokumentala eskainiko dute etzi, arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, solasaldia ere izango da. 2024ko espainiar film-dokumentala da, Almudena Carracedok eta Robert Baharrek idatzi eta zuzendua, 2016ko San Ferminetan Iruñean gertatutako 'La Manada'ren sexu-indarkeria kasuari buruzkoa.

Hiru urte eta erdiz baino gehiagoz ezkutuan ekoiztutako dokumental honek, azaltzen du 2016ko uztailaren 6an San Fermin jaietan emakume gazte batek jasandako sexu-eraso baten inguruko gertaera. La Manada bezala autoizendatzen ziren bost gizonek bortxatu zuten emakume gaztea. Biktimen kontakizun baten bidez, Natalia de Molinak eta Carolina Yustek jarri dute ahotsa, biktimen anonimotasuna babesteko. Film luzeak «sistema judizialaren, komunikabideen eta gizartearen akatsak» azaltzen ditu, sexu-indarkeriari buruzko tratamenduan. Pozoblancon lau akusatuk egindako erasoa eta 2008ko Nagore Laffageren hilketa ere biltzen ditu dokumentalak.
 

Venezuelari buruzko hitzaldia 30ean, Glenna Cabellorekin

Bestetik, datorren astean, urtarrilaren 30ean, Glenna Cabellok Venezuelari buruzko hitzaldia eskainiko du Kulturateko Plaza Feministan, arratsaldeko 18:30etan hasita. Glenna Cabello venezuelar politologoa da, eta gaur egun kontsul lanetan dabil Bilbon, Parisen ere kontsul aritu ondoren. Lan diplomatikoetan, Nazio Batuen Erakundearen aurrean (NBE) Venezuelako Misio Iraunkorreko kontseilaria ere izan da. 

Gainera, bere anaietako bat, Diosdado Cabello, Asanblea Nazionaleko presidentea eta Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko (PSUV) presidenteordea da. Gaur egun, Biltzar Nazional Konstituziogilean dago. Bere beste anaia, José David Cabello, Industria ministroa, Kanpo Merkataritzako Zentro Nazionaleko zuzendaria (Cencoex) eta Aduana eta Zerga Administrazioko Zerbitzu Nazional Integratuko superintendentea (Seniat) izan da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!