Iñaki Petxarromanen 'Lehendakariaren alaba' liburuaz, solasaldia gaur

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 00:00

Udal Liburutegian izango da solasaldia, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta Ane Mayozek gidatuko du saioa, egilea ere bertan dela. 

Gaur izango da urtarrileko literatur solasaldia euskeraz. Gaurkoan, Iñaki Petxarroman idazle eta kazetariaren liburua izango da ardatz: 'Lehendakariaren alaba'. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, Hernaniko Udal Liburutegian, eta Ane Mayozek gidatuko du solasaldia, Petxarroman bera bertan dela.

Liburua 2026tik 2040 urtera arte azkar batean igaroko den thriller bat da, Euskal Herriko politika eta mundu mailako larrialdi klimatikoa uztartzen dituen distopia. Eszenatoki berdinean kokatuko ditu honakoak: EH Bilduren Gasteizko Jaurlaritzako lehendakaria, Baionan erbesteratua; Espainia gobernatzen dute Ayusok eta Abascalek; euri eskasia dela eta, ura negozio pribatu bihurtzen da; bero itzelaren eraginez ehunka mila migratzaile penintsulatik euskal kostaldera datoz; eta egoera etsigarri horri aurre egin nahian, gazte asko ETA Berri izeneko erakundean sartzen dira, sabotajeak eta bestelako ekintzak burutzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!