Hernaniko Udalak jakinarazi du aste honetan ere asfaltatze lanak egingo direla Hernaniko zenbait txokotan. Lanak gaur eta bihar egitea da asmoa, baina eguraldiaren menpe egonik, lanak atzeratu daitezkeela ere aurreikusten dute. Bestalde, asfaltatze lanek aldaketak eragingo dituzte autobus zerbitzuetan.
Gaurko asmoa Loidi, Altzueta eta Iparragirre herribideko lanak bukatzea da. Baita Chillida etorbideko zati bat eta Elkano 16-18 atari aurreko zatia asfaltatzeko lanak bukatzea ere.
Aurreikusten diren lanek autobus zerbitzuan aldaketak eragingo dituzte. Zehazki, Antziola eta Txirrita auzoetako geltokiak izango dira kaltetuak. Aldaketek goizeko 09:00etatik zerbitzuen amaiera arte iraungo dute. Antziola auzoaren kasuan, bertan behera geldituko dira BU05 eta BU06 zerbitzuaren Antziola 17, Antziola 10 eta Urbieta-Kiroldegia geltokiak; baita BU10 eta BU11 zerbitzuen Antziola 17 eta Antziola 10 geltokiak ere. BU05 eta BU06 zerbitzuen ordezko geltokia Urbieta 13 izango da, anbulatorioko geltokia, hain zuzen. BU10 eta BU11 zerbitzuena, berriz, ohiko geltoki-burua.
Txirrita auzoaren kasuan, bertan behera geldituko da BU12 eta BU13 zerbitzuetako Txirrita geltokia. Alternatiba geltoki-burua izango da, Zinkoeneako geltokia (BU10).
Bihar Zinkoeneako zati bat eta Agustindarren plaza 4 aurreko zati bat asfaltatuko dituzte. Lan hauek ere aldaketak eragingo dituzte Lurraldebuseko zerbitzuetan.