Igande arratsaldez lepo bete zen Garin. San Sebastian bezperak, danbor hotsen aurretik, bertsoak ekartzen ditu Hernanira, eta herriko bertsozaleak ez zuen hutsik egin. Tabernetako Txapelketaren 29. edizioan kantuan aritu ziren Jon Altuna 'Oxan', Jon Altuna 'Ez Oxan', Otxoto, Mingo, Notayo, Xabat Pagola, Intza Pagola, Harri, Ekain, Oibar, Iñigo, Joseba, Ahetze eta Maider Zugasti.
Lehenengo fasetik nabaritu zuten bertsolariek entzuleen bultzada, eta olatu gainean osatu zuten saio xelebrea. Hasierako agurra ere ezin izan zuten lasaitasunez pentsatu, hitz bat txertatu behar baitzuten tartean; txerri hankak, trikua, txoixua eta polboroia, besteak beste. Lehenengo bi faseetan koplan, puntu erantzunetan edota lau oinak emanda aritu ziren hamabost protagonistak. Ariketa xinpleak dirudite, baina Garinen ezer ez da dirudiena bezain erraza. Saiatu bestela, etxeko patxadan, puntu hau erantzuten.
Eskuaria adorno
al do Putroenen?
Lurraldetasuna izan zen gakoa
Saioak aurrera egin ahala zailtzen joan ziren egin beharreko ariketak. Antolakuntzak hasieratik adierazi zuen lurraldetasunarekin duen konpromezua. Hain justu, horrexegatik hasi zen saioa arratsaldeko zazpietan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bertsoen bidez batzeko keinu gisa. Ariketetan ere horixe islatu nahi izan zuten, hirugarren faseko ofizioetan bereziki. Tafallako bi lagun fallatan ta afayan, Beireko bi behi berebillei beira edota Pasaiatik pasieran pasaian bi paisajista gorpuztu behar izan zituzten bertsolariek.
Xabat eta Ahetze, buruz buru
Fin aritu ziren bertsolari guztiak, baina bi nabarmendu ziren guztien artean: Xabat eta Ahetze. Buruz burukoan rola emanda osatu zuten lehenengo ariketa, 'loterua eta gabonetan bakarrik juteana', eta kartzelako lanarekin borobildu zuten arratsaldea. Bakarkako ariketan Aterpe zenaren testigantza bat entzun zuten bertsolariek, baserrietan elektrizitatea jarri zuten garaiari buruzkoa. Azkenean, ondo kostata, epaimahaiak erabaki zuen txapela Xabat Pagolari ematea.
Kimu berriyak badatoz
Txapelketan ibilbide luzea duten bertsolari asko atera ziren, baina baita zenbait debutari ere. Intzarentzat eta Maiderrentzat lehenengo aldia izan zen, eta lan bikaina osatu zuten biek. Joxepa bertso taldearen txapel partikularra irabazi zuen Intzak, eta epaimahaiaren 'Errima disonantikua' saria Maiderrek, napolitana eta ni politena errimatzeagatik.
Pagolari mesede galanta egin omen zion igandea izateak
Tabernako bertsolarien mingaina kamustu egin daiteke saioak aurrera egin ahala. Aurreko edizioetan horixe gertatu izan zaio Pagolari, baina aurtengoan, igandea izanik, zorroztasuna mantendu zuen fase guztietan. Saioaren biharamunean balorazio ona egin du txapeldunak: «Gutxi edateagatik asko gozatzeko aukera izan nuen. Behingoagatik ondo entzun nituen bai gaiak eta bai besteen bertsoak, eta gustura ibili nintzen. Abesteko garaian, etortzen zitzaidana botatzen nuen, ahal nuena, eta horrekin ere pozik geratu nintzen. Ez neukan askoz ere gehiago».
Txapeldunaren agurra Hernaniko Paulo Txikiya bertso eskolaren lana goraipatzeko baliatu zuen Pagolak, eta txalo zaparrada haundi batekin bukatu zen saioa.
Ea azken bertsoan
ez geran labaintzen
Giro hau diruz ordaintzen
nahikua zalla zen
Paulo Txikiya nahi det
nik hitzez apaintzen
Segi lanian hola
ixkiñak bikaintzen
Euskerak dun altxorrik
ederrena zaintzen