'Dardarak artxiboan' erakusketak eman zion hasiera Kulturarteko Plaza Feministako 2025eko egitarauari, eta urtarrileko jarduerekin amaitzeko, dokumentala eta Venezuelari buruzko solasaldia antolatu dituzte.
Ostiralean 'No estás sola: la lucha contra La Manada' dokumentalaren proiekzioa izango da, arratsaldeko 18:00etan. Kulturarteko plazan izango da ikusgai, eta proiekzioaren ondoren, solasaldia ere egingo dute.
Hilaren 30ean berriz, Venezuelari buruzko hitzaldia antolatu dute. Glenna Cabello Venezuelako Bilboko kontsula izango da Kulturarteko plazan, eta Venezuelaz ariko da arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Haurdunaldi eta erditzeondoko tailerra
Izen-emateen hilabetea ere badenez urtarrila, haurdunaldi eta erditzeondoko tailerrean apuntatzeko aukera egongo da hilaren 31era bitarte. Izena emateko aukera dago Kulturateko Plaza Feministan bertan, aurrez aurre, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera mezua bidaliz, 943 33 70 17 telefonora deituz edota online bidez www.hernani.eus/tailerrak-eta-ikastaroak estekarekin. Tailerraren prezioa 35 eurokoa da.
Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak haurdunaldia eta erditzeondoa bizi eta partekatzeko helburuarekin jarri du martxan aurten ere tailerra, Josune Matirena Sagatibeltza eta Marijo Artola Lizarazuk dinamizatuta.
Saio hauen helburuak, besteak beste, haurdunaldiko eta erditzeondoko anatomiari eta garapenari buruzko informazioa ematea da, haurdunaren eta bidelagunaren benetako beharrak identifikatu eta adierazteko tresnak ematea. «Hausnarketarako gune bat eskaini nahi dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Tailerrean izena eman ahal izango dute otsailaren 10eko astean gutxienez 12 asteko haurdun daudenek eta haien bidelagunek.
Tailerra otsailaren 2tik ekainaren 18ra izango da, asteazkenetan, arratsaldeko 17:30etatik 19:30ak bitarte. Kulturateko plazan izango da eta saioetan ariketak, talde dinamikak edota erlaxazio teknikak landuko dira.