Jasota Bezala

Atzietako igogailua

Lurdes Armendariz eta Idurre Alfonso 2025ko urt. 19a, 00:00

Udalak Elizatxo G.E.S.L enpresa promotorearekin hitzarmen bat sinatu du Atzietan igogailua jartzeko eta eremua urbanizatzeko. Txalotu egingo genuke Portu eta Elizatxoko auzotarren irisgarritasunaren aldeko ekimen hau egiten dituen hutsegiteengatik ez balitz, ondarearen babesa deskuidatuz, indarrean dagoen hirigintza araudia saltatuz eta terrenoen gainerako jabeez paso eginez. Honen aurrean, bizilagun talde batek alegazioak aurkeztu ditugu.

Igogailuarekin doan pasarela eta eskailera Goiz Eguzkiko Ginkgo zuhaitzaren ondo-ondotik pasatzen dira. Aitortzen zaion babes erregimenaren arabera debekatuta dago hari edo haren lurzoruan eragingo lukeen ezer egitea enborretik 13 metrora. Beste deskuidu bat izan da 1873-1876 gerrako harresien ustezko arkeologi gune honen ikerketa eskatu ez izana, aztarnen balioa ezagutzeko eta proiektua bateragarria ote den jakiteko.

Atzietako igogailua ez da araudian aurreikusita dagoena baino funtzionalagoa, Elizatxo Ikastola atzetik Lizeaga Kalera igo eta segituan herriko plazan zaude, musika eskola parean. Gainera Atzieta Andrekalerekin lotuko lukeen 20 m luzeko pasabide estuaz zer esan, zikina eta segurtasun aldetik puntu beltza izan daitekeela baino.

Indarrean dagoen araudiaren arabera eremu honetako etxeak eraikitzen hasi aurretik Floridako AMRko eta Portuko Pagola aldeko etxeak, 470 etxebizitza guztira, eginak beharko lirateke, baita Portuko tuneleko obrak. Gainera, eraikinen altuera araututakoa baino solairu bat gorago doa.

Hitzarmenarekin udalak gune libreak dohainik lortzen dituela ematen du baina Pana Parkeari segida eman nahi bazion Atzietan barrena, modurik onena lursail horiek udalak berak erostea zen; orain lurren %55 enpresaren eskuetan daude eta enpresak irabaziak egiteko dira, ez opariak egiteko.

Hala ere, pentsatzen dugu oraindik garaiz gaudela gauzak beste modu batean egiteko eta ondo bideratzeko.

 

Lurdes Armendariz eta Idurre Alfonso
Kaxko, Atzieta eta Elizatxoko bizilagun taldeko kideak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!