«Orain da ideia erreakzionario zein faxistei muga jarri eta horma bat eraikitzeko unea»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

Ibai Larburu eta Ainhoa Adarraga, GKSko kideak.

«Faxismoaren gorakadaren eta gerrarako mehatxuaren aurka» manifestazioak deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25erako.  Mobilizatzearen beharraz, gerraz, faxismoaz eta gazteek izan beharreko eginkizunaz aritu da Kronika, GKSko kide diren Ainhoa Adarraga eta Ibai Larbururekin. 

 

Manifestazioak deitu dituzue urtarrilaren 25erako Bilbon eta Iruñean. Zerren aurka mobilizatuko zarete?

Ainhoa Adarraga: Gure inguruan gero eta ohikoagoak diren jarrera erreakzionario eta faxisten aurka mobilizatuko gara batetik, eta gerra eta austeritatearen aurka, bestetik.

Faxismoaren eta gerraren aurkako mezuz bete dituzue Euskal Herriko herriak, baita Hernani ere. Zergatik da hain garrantzitsua gazteak borrokaren lehen lerroan kokatzea?

Ibai Larburu: Gaur egun, ideia faxistak hein handi batean sare sozialen bitartez hedatzen direnez, gazteak gara ideia horiekiko esposizio handiena dugunak. Ideia hauek barneratzen eta kaleetan zabaltzen ari direla uste dugu. Gainera, gazte langileok izango gara agenda belizista honek ekarriko dituen ondorio lazgarrienak jasango ditugun lehenak. Hortaz, guri dagokigu honen aurkako indar bat antolatzea eta borrokaren lehen lerroan kokatzea. Zentzu horretan antolatu dugu Hernaniko komite antifaxista. 

Europako agintariek gerrara garamatzatela diozue, are gehiago, Europako oligarkia gerran dagoela diozue. Gerrarako apustua egina dago? 

I.L: Bai, krisi testuinguru honetan Europako oligarkiak gerrarako apustua egin duela uste dugu. Azken hamarkadetan, Europak bere posizio ekonomiko zein politikoa galdu du mundu mailan, beste potentzia mundialen posizioa handitzearekin batera. Gerrarako apustua, beraz, Europak bere posizio ekonomiko, politiko zein militarra hobetzeko helburuarekin egin du. Honen adibide argiak dira Palestinako sarraskia zein Errusia eta Ukrainaren arteko gerra, eta honek guztiak badakigu zer dakarren, milaka eta milaka langileen erailketa.

Gurean berriz, testuinguru belizista hau probesten ari dira estatuaren erreforma autoritarioan sakontzeko, honen adibide dira aurrekontu militarraren igoera, kode penalaren gogortzea… 

Gerrarekin batera, Europako agintarien agendak austeritatea dakarrela salatu duzue.  

A.A: Bai, Europako oligarkiaren agendan gerrarako apustuaz gain soldaten murrizketen agenda ere aplikatzen ari da. Europan langile klasearen zein ertain klasearen zenbait geruzen pobretze bat gertatzen ari da. Honen adibide dira: zerbitzu militarraren handitzea zerbitzu publikoen murriztea ematen ari diren bitartean, erretiratzeko adinaren igoera, oinarrizko produktuen garestitzea, etxebizitzarako sarbide eza… 

Europaren agenda belikoa alderdi politiko guztiek partekatzen dutela esango zenukete? Zein da ezkerreko alderdien jarrera?

A.A: Alderdi instituzionalek ez diete Europako oligarkiak ezartzen duen agendari aurre egingo, izan ere, estatuak eta alderdi politikoak oligarkiak finantzatuta baitaude. Azken urteetan, “inoizko gobernu progresistenak” Europako oligarkiaren agenda guztiz aplikatu du, Ukrainara armak bidali ditu, Israelgo estatuarekin dituen harreman diplomatikoak mantendu ditu, zigor kodea gogortu du, aurrekontu militarra handitu du, COVID-19aren aurrean salbuespen politikak aplikatu ditu…

I.L: Argi dugu alderdi instituzionalek ez dutela egungo egoerari aurre egiteko neurririk hartuko, kontrara egoera honetan sakontzen laguntzen ari direla frogatzen ari dira. Gazteoi, egoera honen erantzuleak salatu eta haien aurka antolatu eta mobilizatzea dagokigu. 

Faxismoaren gorakadaz ere hitz egin duzue, zer da faxismoa?

I.L: Faxismoa XX. mendeko esperientzia historiko gaurkotua dela esango genuke, egun forma ezberdina hartu duena. Kapitalismoaren krisi garaian areagotzen den joera da faxismoa. Proletargoaren sektore batzuk jotzen ditu krisi horren erantzuletzat, eta beraz, proletargoaren aurkako gorrogo diskurtso eta politikak daramatza aurrera. Faxisten ikuspegia nazionalismo erreakzionarioan oinarritzen da eta beraz, kultura eta esentzia horren aurka doazen guztiak zapaltzen ditu. Gizartean eta bereziki gazteon artean indartzen ari den joera da faxismoa, eta gaurdanik honen aurkako indar antolatu bat behar dela uste dugu. 

Nondik dator faxismo berri honen gorakada?

A.A: Bi faktoretan kokatzen dugu faxismo berri honen gorakada. Batetik, aipatutako kapitalismoaren krisia egongo litzateke. Krisi kapitalista honek, erdi-mailako klasearen zenbait geruzek jarrera erreakzionarioak bereganatzea ekarri du. Jarrera hauek lehen zituzten bizi baldintzak berreskuratzeko helburuz edo haiek galtzeko beldurrez sortu dira. Bestetik, azken urteetako ezker instituzionalaren porrota aipatu behar dugu. Ezker parlamentarioak langile klaseari promesa faltsuak egiten dizkion bitartean, enpresari eta bankarien politikak aplikatu ditu eta langile klasearen gaitasun ekonomikoa txikitzen joan da etengabe. Honek, desatxikimendu handia sortu du sektore askotan eta jende asko eraman du alternatiba gisa jarrera erreakzionario hauek onartzera. 

I.L: Proletargoaren sektore zaurgarrienak zapaltzen ditu faxismoak eta kasu honetan, batez ere, etorkinetan jartzen dute fokua eta beraiek seinalatzen dituzte “segurtasun faltaren” erantzule gisa. Guk uste dugu ez zaiola ustezko “segurtasun falta” horri aterabidea emango errepresioaren bitartez. Kontrara, arazo estruktural bat izanik, pobreziarekin amaituz eta bitarteko materialak sozializatuz soilik emango zaio aterabidea. 

Gure eskualdean propaganda faxista azaldu dela salatu duzue sareetan.

I.L: Bai, azken hilabeteetan propaganda faxista azaldu da eskualdean pegatina, margoketa eta pankarta formetan. Honek, sare sozialetan ez ezik, kaleetan ideia faxistak zabaltzen ari direla berresten du eta ideia hauek beren forma guztietan borrokatu behar direla uste dugu. Faxismoa kalean dago, eta guk kalean egin behar dugu borroka

Zergatik da beharrezkoa urtarrilaren 25ean mobilizatzea?

A.A: Euskal Herria ez da irla bat eta bertan ere eragina du aurretik aipatutako ideia erreakzionarioen gorakadak. Are gehiago, jada igartzen da kalean, lagun artean, tabernan... Hortaz, orain da mobilizatzeko unea, orain da ideia erreakzionario zein faxistei muga jarri eta euste-horma bat eraikitzeko unea. Euskal Herritik pasako ez direla esan behar zaie.

Manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzue?

A.A: Bai. Lasarten, Andoainen, Urnietan eta Hernanin egongo da autobusa hartzeko aukera. Hernaniren kasuan, Biteritik aterako da, arratsaldeko 16:00tan. Tiketak Txili tabernan daude eskuragarri, 5 eurotan langabe eta ikasleentzat eta 10 eruotan gainerakoentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!