Buruntzaldeko bi musikarik sortutako erreserkiak, danborradetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

Berrondo eta Oiartzabal, Altzako Gurea elkartean.

Joxe Ramon Berrondo hernaniarrak eta Joxemari Oiartzabal andoaindarrak sortutako bi ereserki estreinatuko dituzte.

Joxe Ramon Berrondo hernaniarrak eta Joxemari Oiartzabal andoaindarrak sortutako bi ereserki estreinatuko dituzte Donostiako bi danborradak, etzi San Sebastian egunean zehar. Oiartzabalek konposatutako musikari, Berrondok jarri dizkio hitzak bi piezetan.

Danborrada bakoitzaren hasieran eskertza eta aitortza moduan omenduko dituzte bi musikariak, oroigarriak emanez.

Gauerdian, 00:00etan, joko du horietako bat Kañoyetan Alde Zaharreko elkarteak: bere 125garren urteurrena ospatzeko eskatu zien bi musikariei elkarteko ereserkia eta hitzak sortzeko. Elkarte hau Donostiako elkarte gastronomiko zaharrena da, eta abuztuaren 31 kalean dago. 

Ildo berean, Egia auzoko Maria Reina elkarteak 18:00etan estreinatuko du bi konpositoreek sortutako ereserkia, bigarren pieza.

Guztira, Oiartzabalek eta Berrondok sortutako zortzi ereserki jo eta abesten dituzte urtarrilaren 20an Donostiako elkarte ezberdinek Amaran (Urtoki, Sauce eta Santiagomendi), Grosen (Donostiarrak txirrindulari elkartea), Altzan (Gurea eta San Jose ikastetxe publikoa), Egian (Maria Reina) eta Alde zaharrean (Kañoyetan).

Joxe Ramon Berrondok eta Joxemari Oiartzabalek eskarmentu haundia dute musikagintzan. Oiartzabal Donostiako kontserbatorioko tronpeta irakasle katedraduna izan da. Berrondok 47 urte daramazki Hernaniko Musika Bandako partaide gisa. Guztira 28 abesti landu dituzte elkarrekin, musikari sortzaile elkartean (SGAE) erregistratutakoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!